Suite Frantsesa, argazki batzuk

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2012-01-09 18:39

Irène Némirovskyren lan gorentzat hartzen dabe kritikari askok Suite Frantsesa izenburupean itzulitako eleberria. Euskeraz irakurteko abagunea euki dogu, Mikel Garmendiaren eta Joxe Antonio Sarasolaren itzulpenari esker. Lau eskutara egindako itzulpenari buruzko gogoetak plazaratu genduzan lehenago bere gure blog honetan aurreko post batean.

Bada, istorio hunkigarriak emoten jakuz liburuan, Alemanek Frantzia hartu eben garaikoak danak bere. Baia, bertan kontetan diranak ez eze, liburuaren beraren istorioa bere sano hunkigarria da; hitzaurrean datoz horren ganekoak: idazlearen alaba umezurtzak maletatxu batean eroan eban amaren eskuizkribua igesaldirik igesaldi, eta alaba nagusia zala (eta ama, Irene Némirovsky hilik egoala) argitaratu zan obra.

Hitzaurre interesgarriaz ganera, eranskin modura dakarz liburuak egilearen beraren ohar batzuk, garaiari eta idazketa-prozesuari buruzkoak, eta sasoian idatzitako gutun-moltzotxu bat. Hitzaurreak eta eranskinek obrearen irakurketea janzten dabe, eta erabat osogarriak dira idazleaz, obraz eta sasoiaz zeozer gehiago jakin gura dauenarentzat. Idazleak bere obra honen gakoak emoten ditu bertan, ganera. Azalaren belarrietako batean dago jazota: Ohiz kanpoko nobela da Suite Frantsesa, ohiz kanpoko egoeran idatzia. Maisuki erakusten du XX. Mende erdi aldeko Europaren tragedia. Nobelak alderdi autobiografiko ukaezina du, eta alemaniarrak Parisen sartzeko bezperetan hasten da (...). Bidea galdu duen herri bati atera zion argazkia Nemirovskyk.

 Halantxe da, bai, baina argazki bat barik argazki-bildumea dala esango geunke. Izan bere, gizarte poliedrikoaren alde asko eta asko erakusten deuskuz, personen barreneko sentimenduak agertuz, ganera.

Argazki horreen arteko batzuk ekarri gura neukez bertora, blogeko irakurleai liburua irakurteko irrika piztuko jakielakoan.

 Bonbardaketea:

 Hainbat aldiz metrailatu zuten konboia. Heriok zeruan planeatzen zuen eta, bat-batean, han amiltzen zen, goietatik gain behera, hegoak zabalik eta altzairuzko mokoa errepidean arrastaka zihoan xomorro beltzen ilara luze eta dardaratirantz zuzenduta. Lurrean etzaten ziren denak. Emakumeak seme-alaben gainean jartzen ziren gorputzarekin babesteko (105. or.).

Gerrak era askotako sentimenduak sorrarazoten ditu, eta, batzutan, personearen ganetik ipinten da garaipena:

- Badakizue zenbat maite dudan senarra... –murmurikatu zuen azkenean -. Louis gaixoa... Biok bakarrik gaude, eta berak lan egiten du, ez du edaten, ez da firin-faran ibiltzen, elkar maite dugu, bera da daukadan bakarra, baina esango balidate: ez duzu berriz ikusiko, hila behar du hobezkero, baina irabazi egin dugu... Bada, nahiago nuke hala balitz! Eta ez dura, ez hitz hutsak, nahiago dut hala balitz! (95. or.).

 Hain gogorra izan nahiaz kontrajarrita, biztanleen hauskortasunaren erretratua bere egiten da:

 Hala ere, hain zuten sakona loa, ezerk ez baitzituen esnatuko eguna argitu aurretik. Begien bistakoa zen. Ohartu ere egin gabe pasatu zitezkeen lo egotetik hilda egotera (101. or.).

 Gizarte poliedrikoa agertzen dala liburuan, horixe esan dogu lehenago bere. Bada, ikus dagiguzan hemen gizarte-maila desbardinetako personen erretratu batzuk.

 Gizona gerrara joanda daukan emakume langilearena:

 Haren bihotzaren hondoan, baziren gorroto-geruza batzuk, bata bestearen gainean elkarrekin nahsi gabe jarriak: senez hiriko jendea gorroto duen emakume laborariarena, besteren etxeetan bizi izanagatik nekatu eta ozpindutako neskamearena eta, azkenik, fabrkan lan egiten duen emakumearena, azken hilabeteetan senarraren ordez artua baitzen lantegi hartan. Ez zegoen ohitua gizonen lan hartara, gogortu egin baitzizkion besoak eta arima. (93. or.)

 Soldadu izan gura dauen umearena:

 Zer egin dut nik, ordea? – galdetu zion bat-batean bere buruari-. Ez dut tiro bat bera ere egin –hain sentitu zen lotsatuta bere buruarekin, berriro hasi baitzitzaizkion masailetatik behera erortzen malko bero eta mingarri haiek. (115. or.).

 Goi-mailako emakumearena:

Pentsamendu desatsegin bat etorri zitzaion burura: ordezkaezina zen bere makillage iparramerikarra, baina aste batzuren buruan ez zuen erraz lortzerik izango (123. or.)

 Nork bere buruhausteak ditu gerran, eta, artean, natura da gerran ez dagoan bakarra:

 Han ezerk ez zuen gerra gogorazten. Iturri baten murmurioa, urretxindorra kantari, kanpaia ordua jotzen, landaresi guztietan loreak eta zuhaitz guztietan hosto berde freskoak (116. or.).

Maitasuna bere gerraz ulertzen ez dauen zeozer da, antza. Izan bere, herriko neska bat eta aleman soldadu bat maitemindu egiten dira. Eta maitasun-irudi horrez ganera,  soldaduaren bota-hotsak, barne-askatasunaren ganeko gogoetea, emetasunaren ganeko hausnarketea, presoak laguntzeko sortutako sarea, soldaduak eurak biktima legez agertzea, garaileen poza, etsaiak piztia legez irudikatzea, semea preso daukan amaren samina... halango argazkiak (unibersalak) topau zeinkiez liburuan.

 Irakurketa ona izan dagizuela.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu

BIZKAIE!

Arbidea, 1 (Txurdinaga), 48004 Bilbao
Erredakzinoa: Tel. 94 4162393 - Faxa 94 4150199

bizkaie@bizkaie.biz

Babesleak:

Creative Commons License

Codesyntaxek garatua