Itzulpenak lau eskutara (II)

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2011-12-19 19:31 Bi itzultzaileren artean egindako itzulpenen barri gehiago jakin guran, oraingoan Jakobian eraikina izeneko nobelea itzuli daben Xabier Olarrarenera eta Arantzazu Royorenera jo dogu emaila bete itaun: - Zelan erabagiten da itzulpen bat lau eskutara jotea? Bada euskerazko esaera bat holan dinoana: “Besteren umeak poliki jo”. Eta, jakina, lau eskutara jo behar badozu, are polikiago. Izan be, itzulgaiak normalean besteren umeak izaten dira. Kasu honetan Alaa Al Aswaniren premua, eta kuttuna, bidenabar esanda. Beraz, komenidu da lau esku horreetako bi behintzat emakumezkoarenak izatea… Danok dakigu trebetasun batzuk generoari dirala atxikiak –ez berez, baina bai kulturaz–. Halaxe gertatu da aurrean doguzan kasu batzuetan be, Elurra, Stylesko gertaera misteriotsua…  - Zelan banatu dozuez atazak? Zelakoa izan da lan-prozesua? Bi itzultzaileon akordioz, holan banatu dogu lana: oinarrizko itzulpena (edo hasieratik “asto-lana” deitu genduana Olarrari egokitu jako, arrazoi logistikoakaitik funtsean: denporea batez be baina baita beste bitarteko itzulpenak erabilteko aukerea be; frantsesezkoa, ingelesezkoa eta gaztelaniazkoa. Gainbegiratze lana, barriz, Arantzazuri, eta horrekgaz batera, jakina, jatorrizkoagazko konparaketa zehatza, puntu ilunen kontsultea, Wordreferenceko foroetako eztabaidak begiratzea etab. Lehen bersinoaren emoitzea Arantzazuk irakurri eta zuzendu dau, ez bakarrik jatorrizkoargazko egokitasunaren aldetik, puntuazino, perpausaren antolamendu, hitzen aukera… eta beste zenbait aldetatik zorrotz begiratuta baino.  Beste bi irakurle ere izan ditu lehen bersino horrek, eta horreen iradokizunei kasu eginez franko hobetu da hasierako testua. Jakobian eraikinaren kasuan, horrezaz gan, baegoan beste arrazoi bat, hori holan egiteko –fintze-lana Arantzatzuren esku ixteko–, arabieraren ezagupen sakonagoa eta Egiptoko dialektoari (denporaldi batez bertan bizitakoa izanik) tankera emoteko gaitasuna. Izan be, eleberri honetan narratzaileak estandarra erabilten dau, baina alkarrizketa ia guztietan dialektoa erabilten da.  - Zertan da aberasgarria? Zertan laguntzen dau itzulpenean bi izateak? Alde guztietara da aberasgarri alkarlana, holako kasu batean: jatorrizko hizkuntzearen ezagupen mailea hobetzeko, batetik, eta, batez be, arabieratik euskerara egiten dan bigarren itzulpena izanik, dan-dana dagoalako finkatzeko: hasteko eta behin, musulmanen jainkoaren euskerazko izena zein dan –Allahu, Allah, Alahu, Alah ala Ala, besterik barik–; edo profetaren izenak Muhammad, Mohamed, Mahoma ala Mahomet behar dauen. Gero, arazo xeheenetatik larrienetara mailaketa bat egiteko, transliterazino kontuak dagoz, orokorrak eta Egiptoko estandarrari djagokozan puntu batzuk. Eta horren ondoren dator –eta ondoren jarteak ez dau esan nahi garrantzi gitxiagokoa danik– hizkera maila desbardinen bereizketea: herri xehearena, jente ikasiarena, Koranarena (aipamen franko egiten baitira liburuan zehar), xeikh musulmanen diskurtso hanpatuak etab. Horreek guztiak kontuan hartuz erabagi behar izan dioguz, esate baterako, alokuzinoaren gorabeherak: nork-norekin-zertan; hau da, hika, zuka ala berorika. Horreek guztiak eztabaidatu behar izan doguz, eta azkenean erabagi salomoniko, edo erdibidekoak hartu.  - Eta zein izan dira zuen zailtasunak? Zailtasunik nabarmenena, segurutik, hain gitxi ibilitako bidean, erabagi batzuk arian-arian hartuta lan egitearen nekeza (idazlearen izena bera, esate baterako, hasieran Asuani zan, eta gero Aswani). Guk, behintzat, egindakoaren gainean lehen emoitza aztertuz hartu doguz erabagi gehienak, transliterazino, hizkera-maila eta alokuzionari jagokozanak eredurik izan bagendu –edo Koranaren euskerazko bersino bat bagendu, esate baterako— puntu batzuetan bederen bidea egina geunkean. Baina, kasu batean baino gehiagotan geuk urratu behar izan dogu bidea. - Kultur hitzak bere horretan emon ala ez erabagitea be ez da erraza (oin-oharra ala glosarioa amaieran? Zein bere horretan, zein euskaraturik?). Estandar/dialekto bereizketak behar al eban paralelismorik itzulpenean? Ezetz erabagi genduan. Joko hori aztertzea eta bestelakoak bigarren argitalpenerako itxi doguz… - Zeozer gehiago aitatu gura zeunkie? Debile principium melior fortuna sequatur. Gure hasiera apal honi, fortuna hobea jarrai dakiola.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu