Itzulpenak lau eskutara

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2011-12-12 18:52   Musikea

Piano piezak ezeze, itzulpenak be jo leikez lau eskutara: bi itzultzaileren lana izaten dira askotan.

Horren adibide da, kasurako, orain dala gitxi argitaratutako Suite Frantsesa lanaren kasua. Mikel Garmendia eta Joxe Antonio Sarasolak itzulitako Irene Némirovskyren lana da.

Mikel Garmendiarenera jo dogu esperientziaren barri emon daizkun:

"Itzulpen-lan bat beste norbaitekin partekatzearen esperientzia bitan izan dut, eta biak oso diferenteak izan dira.

Lehenengoan Itziar de Blas eta biok elkarrekin itzuli genuen “Marizipriztinek ez du zorioneko galeperrik nahi”. Egundoko esperientzia izan zen. Itziarrek jatorrizko ipuina irakurri eta berehala kutsatu zidan entusiasmoa eta testu hura euskaratzeko irrika. Hasiera-hasieratik egin genuen dena elkarrekin, behin eta berriro irakurri, eztabaidatu, landu… Oso kontent gelditu ginen emaitzarekin.

   

“Suite Frantsesa” lanaren kasua desberdina izan da: denboraz larri ikusi nuen neure burua bete beharreko epea betetzeko, eta Inazio Mujika editorearekin hitz egin ondoren, erabaki genuen hobe genukeela bitan zatitzea. Ni lehenengo parteaz arduratu nintzen eta Joxe Antonio Sarasola bigarrenaz. Esan beharra dago nahiko antzeko irizpideak ditugula, nik uste, bi itzultzaileok literatur itzulpenean. Horren jakinaren gainean, Inazio Mujikak hartu zuen bere gain bi parteak bateratzeko eta koherentzia emateko lana eta ardura.

Bi egoera desberdin, bi esperientzia desberdin… emaitza onekoak biak ala biak hala ere, nik uste.

Itzulpena biren artean egitea erabakitzen denean, bat baino gehiago izan daitezke formulak:

- pauso guztiak (irakurri, berrirakurri, aztertu, eztabaidatu…) elkarrekin egin, itzultze-lana erdibanatu eta batak besteari bere itzulpena pasatu, oharrak egin, orraztu, zuzentzeko…

- bat lehen bertsioaz arduratu eta bestea zuzenketaz…
- …
Asko dira konbinazio posibleak, hain zuzen ere, irakurketa bakoitza esperientzia diferentea delako (baita, beraz, itzultzea ere).
Hauxe da burura datorkidan irudia: xake-jokoan oso zaletuak diren bi pertsona elkarrekin xake-jokoko ebazkizun zail baten soluzioaren bila. Elkarrekin haserretuko dira, eztabaidatuko dute, poztuko dira soluzioa aurkitzea… baina motz samar gelditzen da irudi hori ere. “Maniatiko” samarrak gara, oro har, itzultzaileak, eta ez dira soilik zuzentasun edo gramatikaltasun irizpideak kontuan hartzen ditugunak edo, bestela esanda, jokoan jartzen ditugunak. Itzultzerakoan ere (idazterakoan bezala) hautuak egiten ditugu, arriskuak hartzen, transgresio txikiak eta keinuak egiten, eta, jakina, horiek guztiak naturaltasun minimo batez egiteko handia behar du bi itzultzaileren arteko konpenetrazioak, konpenetrazio linguistikoa, estetikoa eta are ideologikoa."

Badagoz aitatu dogun kasua baino gehiago be itzultzaileak tamdemean ibili osteko fruitua emon dabenak, halan da ze, besteren baten gaiaren ganeko beste zeozer ekarteko asmotan geratzen gara, irakurleak halan gurako daualakoan...

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu