Aiora Jaka doktoreagaz berbetan
2011-11-22 00:11 Aiora Jaka itzultzailea da, eta abenduaren 4tik itzulpengintzan doktorea; Gasteizko Letren Fakultatean defendidu eban bere tesia, hain zuzen bere Itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan izeburua daukana. Defensearen ganeko kronika txiki bat argitaratu zan EIZIEren webgunean. Guk Aiora Jakagaz beragaz berba egiteko abagunea euki dogu, bai eta hari galdera batzuk egiteko aukerea be, zeozelan, gure jakinmina asebeteteko-edo. Zorionak emonaz bat (ekarri ederra egin deutso Euskal itzulpengintzeari), bere berbak dakarguz bertora:- Zelan hartzen dau batek Itzulpengintzari buruzko tesia idazteko hautua?
Gasteizko Letren Fakultadean itzulpengintza ikasketak amaitu ostean, gehiago jakiteko gogoz gelditu nintzan. Itzulpengintza eta interpretazinoa lizentzian gauza praktiko asko ikasi neban: hizkuntza mordo bat nahikoa ondo berba egiten, hainbat hizkuntza-konbinazinotan itzultzen eta interpretetan, mota askotako testuak itzultzen... Baina alderdi teorikoa nahikoa mugatuta gelditzen zala begitandu jatan. Nik gehiago jakin nahi neban itzultzeko moduei buruz, itzulpenak hizkuntzen eta literaturen bilakaeran dauen garrantziari buruz, sormenaren eta itzulpenaren arteko hartu-emonei buruz... Eta tesia idazteak gauza horreetan guztietan sakontzeko aukerea emongo eustala pentsau neban.
- Zergatik aukeratu zenduan Sarrionandia?
Uste dut Gidor Bilbaori (gerora nire tesi-zuzendari izango zanari) bururatu jakola Sarrionandiaren itzulpenak aztertzeko ideia. Bagenekian Sarrionandiak bazituala sasi-itzulpen batzuk bere itzulpenen artean argitaratuta, eta joko horren atzean zer gordeten zan ikustea interesgarria izango litzatekeela iruditu jakun. Hortik tiraka, gero, beste makina bat gauza deskubridu genduzan.
- Zein izan dira, oro har, tesia idazteko faseak?
Tesiari ekin aurretik egina neban ordurakoe ikerketa txiki bat Sarrionandiaren itzulpengintzaren inguruan, Birminghamen emon nituan bi urteetan egindako master batean. Eta, ikusitakoak ikusita, hasieratik erabagi neban tesiak hiru zati izango zituala: itzulpen-teoriari buruzkoa, euskal itzulpenaren historiari buruzkoa eta Sarrionandiaren itzulpengintzeari buruzkoa. Zati bakotxari urtebete eskaintzea erabagi neban, eta, esan eta egin: lehen urtean teoriaren atala idatzi neban, bigarrenean historiarena eta hirugarrenean Sarrionandiarena. Azken urtean hasieran idatzitako hainbat gauzatxu aldatu nituan arren, oro har nahiko ondo errespetau dot hasieran zehaztutako plana.
- Tartean hainbat buruhauste izango zenduzan... Zer izan da gatxena, neketsuena...
Gatxena, beharbada (baina baita liluragarriena be, neurri batean), Sarrionandiaren itzulpenen jatorrizkoak bilatzea izan da. Lan horri lehen urtean bertan ekin neutson, nahiz eta hirugarrenean idatzi dodan Sarrionandiaren itzulpenei buruzko zatia. Hainbeste testu itzuli dituanez, eta danak be hain desbardinak diranez, orduak eta orduak emon behar izan dodaz hango eta hemengo liburutegietako liburuetan bilatzen. Internetek be asko lagundu deust, egia esan, ikerketa horretan. Lan nekeza izan da, baina oso polita, eta askotan sorpresa asko hartu dodaz, batez be hasieran sasi-itzulpentzat joten nituan hainbat testuren jatorrizkoak benetan existiduten zirala jakitean.
- Zelan deskribiduko zeunke tesiaren defensa eguna?
Lauzpabost urtean ia bakar-bakarrik egindako lana azkenean jentaurrera atarateko momentua izan zan. Bostehun orrialde berrogei minutuan azaltzea ez da lan makala, eta gauzarik garrantzitsuenak baino ezin izan nituan aitatu. Dana dala, egun horretako gauzarik interesgarrienak epaimahaikideek egindako kritika eta iruzkinak izan ziran, nire ustez. Oro har oso kritika eta gomendio politak egin eustiezan, zintzilik gelditutako hainbat hari-mutur lotzeko eta zenbait gauza sakonago aztertzeko gogoa piztu eustienak.
- Eta orain zer? Aurrerako ikerketa-planik bai?
Horixe ba, hari-mutur solteak lotu, hutsuneak bete, hainbat gauza zuzendu... Horrezaz gan, interesgarria litzateke Sarrionandiaren itzulpengintzeak euskal literaturan eta euskal itzulpengintzan izan dauen eragina ikertzea, beste euskal itzultzaile batzuen lanak aztertuz eta egungo euskal literaturea eta itzulpengintzea zertan diran ikertuz. Ikerketa-plan zehatzik ez daukat oraindino, baina pentsetan dot bide horretatik jarraituko dodala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!