Lekuak
2011-11-03 13:53Aspaldion lekuek geugan daukien eraginaz egin dot gogoetea. Halango hausnarketetara eroan nau, kasurako, Aurelia Arkotxaren Septentrio liburuak. Ez da, baina, lekuak eta lekuen indarra berbagai dituan euskarazko liburu bakarra, izan be, molde horretako pentsarazle izan daitekez Atxagaren Lekuak zein Harkaitz Canoren Bizkarrean tatuaturiko mapak, kasurako. Badagoz egon gehiago bere, baina momentuan horrexek jatortaz. Ur Apalategik emon euskun eskolea be ekarri dot neurera gaiaren ganean pentsetan nengoala: uriek Euskal Literaturan euki daben lekuaz aritu jakun gogotsu euskadi saria irabazi barri dauen idazle eta irakaslea.
Tirozu ba, kontua da ze neurri baten behintzat, lekuek be eregiten gaituela gu. Bizi izan garen lekuek, bisitau doguzanek, irakurri doguzanek zein gure iruditerietan sortu doguzanek, geure barruko geografia osotuten dabe zeozelan esateko. Non egon garen, non gagozan, nora bidaiatzen dogun (modu fisikoan zein mentalean)… garrantzitsua da geure izakerea horniduteko. Zelango kontuak ezta?
Eta lekuez nabilela… irakurketek ez eze bidaiek bere eragin deustiez gogoetok. Orain urte batzuk bisitautako uriari kuku egin deutsat joan dan astean. Irudipena euki dot uria ez dala horrenbeste aldatu: neu aldatu nazan sentimendua euki dot, eta hain zuzen bere horren arabera egin nebala (eta egin dodala oraingoan) uriaren irudia. Kuriosoa da lekuez zer oroituten dogun… lotu-lotuta dago bisitau genduzan momentuan geunkazan sentipen personalakaz. Iruditu jatan lekuak baino gehiago han bizitako sentimenduak gogoratzen doguzala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!