Kasualidadeak zer diran

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2011-10-18 12:36

Seguruenik bide bardintsua egiten dabenen gurutzatze bat da kasualidadea, baia, halan izanda bere, zer diran, gero, kasualidadeak:

Atzerrian ikasten zengozala egin zenduan bere ezagupidea: bera hizlari egon zan Montrealen. Zu hizkuntzaminez eta herriminez joan zinan harenera; berak, ostera, hainbeste hegazkin-ordu emon ostean, oporraldi legez hartuko eban haixe, eta euskaldunakaz barik hango jenteagaz egon gura eban.

Zer diran, gero, kasualidadeak… Gerora hizlari haixe irakasle izan zenduan, handik hona etorri eta urte batzukarrenean.

Eta, zer diran, gero, kasualidadeak… lankide be badozu orain…

Eta haren testuak irakurten zagozala, berak idatzi deutsuz ikasle zinaneko gogorapenak, berak idatzi ditu zure (zuen) barne-toposa osotu daben lekuen deskribapen poetikoa. Atzera eroan zaitu neguan izoztutako uren ganetik joanda azeriek bisitetan eben irla haretara, euskal balea-arrantzaleek udabarritik aurrera bisitetan eben haretara; eta atzera eroan zaitu amerindiarren konferentzia haretara, eta ikusarazo deutsuz lurralde hareetako jatorrizko biztanleak euren arteko soinu-jolasean; eta esan deutsuz orduan deskubridu zenduzan euskal toponimoak; eta gogoratu deutsu oraindino han dirala hil ziran euskal arrantzaleen erropetako partikulak zientzialarien azterketarako... Zuk unibersidaderako lantxu bat idatzi zenduan horregaz guztiagaz; berak, ostera, liburu bateko pasarte bat ondu eban.

Eta, zer diran, gero, kasualidadeak… liburuko beste pasarte baten keinu egin deutso hamaseigarren mendeko literatureari, zegaz eta joan dan astean ikasleeri banatu deutsazun poema horrexegaz.

Eta, zer diran, gero, kasualidadeak… zeuk legetxe maite-maite dau bulegoa landarakaz apaindutea.

Eta, badaezpada, ez zara kasualidade gehiago topetan hasi… badaezpada...

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu