Maria Moliner
2011-08-03 14:38 BidaideBeti gura izan dot hiztegi bat egiteko prozesuari buruzko artikulu bat, alkarrizketa bat edo erreportaia bat idatzi… Baina, Euskalbar instalau genduanetik eta hiztegi danak bata bestearen atzean euki nebazanetik, atzera egin neban apur baterako, izan be, batzuk besteen kalkoak dirala ikusi leiteke bertan, sarreretako adibideak askotan eta askotan bardin-bardinak dirala ikusita (adibideak aldatzeko tarterik be ez daukagu... zenbat alperreko dirulaguntza...); hiztegi batzuk besteen kopia dirala konturatu nintzan.
Halan da be, ha arantzatxua beti euki dot, eta Maria Moliner hiztegigilearen biografia kalean zala jakin nebanean, ez neban dudarik egin: haixe leidu egin behar neban. Eta leidu ez eze gozau be egin dot.
Maria Moliner ez da hiztegi hutsa; hiztegiaren baitan pertsona handi bat dago. Eta persona hori hiztegi bat baino askoz gehiago izan zan. Ume-umetarik bere kabuz ikasten ohituta egoan, azterketa gehienak libretik aurkeztuta gainditu zituan. Ikasketak akabauta oposizinoak be irabazi zituan eta dokumentalista eta bibliotekari behar egin eban. Madril inguruko herrietan biblioteka-sare berezi bat sortu eban bere sasoian, eta hainbat biblioteka-proiektu ipini zituan martxan. Baina sasoi gogorrak tokau jakozan: gorria zala eta jagokon postutik kendu eben, eta funtzionari-eskalako mailetan behera egin eban. Denporeagaz lortu eban atzera gora egitea, izan bere, bere herrian bertan exiliatuta bizi izan zan. Artean, bere moduko asko kanpora joan izan ziran, baina berak frankismoa Espainian igaro eban; Molinerren exilioa hiztegia izan zan; halan dauka biografiak El exilio interior izenburua. Ez eban hiztegia inoren onarpena jasoteko idatzi (eta ez eban, kasurako, Real Academia de la Lengua-ren aitorpenik izan, bertako kide izateko izentaua izan bazan be ez zalako egundo bertako kide izateko onartua izan, emakumea zala ta… egongo zan, baina, bestelako arrazoirik be). Lan gustura egin eban Maria Molinerrek, eta gaur egun daukagun espainolaren hiztegi onenetako bat ondu eban.
Halan, konturatu naz, Maria Molinerrek hiztegia egiteko hartutako bidea bizimodu jakin bat hautatzea izan zala, biziteko arrazoi bat, zeozelan… eta geuk be, lan akademikoak, tesiak, blogak, liburuak… egiteko tarteak hartzen doguzanean, halaxe egiten doguz, geure bizimoduak eregiteko modu bat izango balira legez, eta ez inoren onarpena jasoteko.
Maria Molinerri buruzko testu ederra da haren biografia, baina baita be Gabriel Garcia Marquezek idatzi eban beste hau: “La mujer que escribió un diccionarioâ€.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!