Eta punto.

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2011-03-03 23:45   Euskerea berbagai

Emoten dan informazinoaren arabera erabilten dira puntuazino-markak. Komakaz banatzen dira esaldiak (esaldia bere sistema horren arabera zer dan bere azaldu euskun Juan Gartziak, zelan ez). Zelango esaldi-egiturea dakargun, halan puntuauko doguz hortik gorakoak eta beherakoak. Gauza bakotxa jagokon mailan egon daitela, horixe da kontua.

EIZIE Euskal Itzultzaile Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak antolatuta, “Puntuazioa, testuak antolatzeko giltza” ikastaroan ikasle ibili naz asteon.

Aurretik barruratuta eroandako uste okerrak, maniak, albo-hizkuntzetako puntuazinoak imitetako jokerak... alde batera itxita, Gartziaren sistema ulertuten eta barruratuten saiatu naz (eta bera bere horretan saiatu da, ondo ulertu eta barruratu egiela ikasleek berak irakasteko eukana), eta orain praktikan ipintea baino ez jat falta.

Testuen puntuazinoen ganeko ardurea eukitea bera ez da gitxi! Eze oraindino bere jente askok uste dau komak ipintearena kontu subjektiboa dana. Halan joakuz gauzak testugintzan! Idazten doguna apur bat aztertu ezkero, sistemarik ez daukagula konturatzen gara: batean gauza bat egiten dogu eta bestean bestea, koherentziarik bapere barik. Eskolan ez deuskue gura beste irakatsi testugintzaz, ez eta puntuazinoaz bere. Baina, tirozu ba, honakoan zeozer ikasi dot behintzat.

Irakasleari bikaina ipini behar jako. Argia izan da, eta lehenengotik esan eban: “nire sistema proposatuko dizuet, ez naiz bestelako eztabaidetan sartuko". Eta halaxe izan zan, gaindituta euki beharko geunkez-eta, daborduko, juntagailuaren aurrean ezin leikela komarik idatzi, "eta" ezin leikela koma artean joan... eta halangoak. "Eta zeozer hobea aurkitzen duenak eska ditzala erreklamazio-orriak". Nik neuk, ohorantzak baino ez, erreklamazino-orririk ez. Izan bere, orain artean, inork bere ez deust egundo puntuazino-sistemarik azaldu…Ohar bakan batzuk han-hemen... besterik ez.

Puntu eta koma (;) salbau dogu, bai eta zerrendetaraino baino erabilten ez diran bi puntuak (:). Eta suberte apur bategaz, puntuazinoa bera bere salbauko dogu, apurka-apurka, behar dan legezko sistemea aplikauta. Holan izango ete da, baina! Zelango joskerea eta ideia-adierazpenak, halango puntuazino-sistemea behar dogu, eta… esango neuke gero eta sinpleagoak garala. Ez da erraz emon gura dogula testua... ez bada ez dakigula ideia konplikatuagoak azalduten. Eta punto.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu