Trena

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2011-01-27 18:13   Musikea

Trena sarri-sarri darabilgu, eta maite dogu. Ez batetik bestera joateko bakarrik, eze geure iruditerian bere askotan agertuten da. Gogoan dot urte baten, Eako poesia egunetan, horren ganeko berbetea egin ebala Koldo Izagirrek. Ez daukadaz, baina, han esandako danak akorduan.

Umeak, kasurako, eskolako ilaran, trenean doaz, txuku-txuku, traka-traka… eta zenbatek ez ete dau amets egin makinista dana, tren-gidari…

Zinean eta literaturan asko erabilten dan irudia da trenarena: bai joan doan trena (bertan doala maitea, barria, gudaria, familia…), bai etorri datorrena (bertan datorrela maitea, barria, gudaria, familia…), bai egundo ailegetan ez dana bere (bertan etorri behar leuke maiteak, barriak, gudariak, familiak…).

Ezagun dira trena atxakitzat hartuta idatzitako bertsoak, koplak eta kantak. Baina, egunerokoan bere, hamaikatxu dira trena ahotan darabilgun esakuneak: “Trenik ez egoan sasoian…” dinogu, aspaldi-aspaldiko sasoiak aitatuteko, “horrek trena aldats goran altxauko leuke” indartsuari esateko, edo “mendiek ez dabe trena paretan” gauzak aurrera doazala esateko.

Eta koadroak? Hogetak, edo zientozak dagoz... milaka.

Gaurkoa bai koadroa, nirea! Trenaren zain nago-eta…

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu