Ogi hutsa

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2011-01-13 17:36   Euskaldunak munduan Hasikera bi euki dodaz gaurko post honetarako, eta baten eta bestearen artean aukeratu ezinda, hemen bi-biak: 1) Zibilizazino bakotxak modu ezbardinean ekiten deutse primizieri: batzuek, handiena zein dan, hareei emoten deutsie barria: estaduko eraikinik handiena, munduan egindako burger handiena…; gurean, ostera, nahikoa dogu lehenengoak izateagaz. Bada, hauxe da arabieratik euskarara zuzenean itzulitako lehenengo liburua (guk dakigula); Arantzazu Royo itzultzailearen eskutik jatorku: Mohamed Xukri-ren 'Ogi hutsa'. 2) Gorroto dodaz "liburua gustau jatzu?" galdereari holan erantzuten deutsienak: bai, asko gustau jat, kontetan dan istorioa oso polita iruditu jat. Kontu egizue gaur egun, institutuetako irakurketak egin osteko gogoetak holangoak izaten dirana. Bada, Arantzazu Royo itzultzailearen eskutik jatorkun Mohamed Xukri-ren Ogi hutsa liburuan kontetan dan istorioa ez da polita, bertan kontetan dana zikina, gorrotagarria, iluna… da. Baina, hain zuzen be, hori dana transmitudutearren da liburu ona nire eretxian.

Hasikeraren ostekoa, bardina bi aukeretarako: Liburuaren argitalpena zein Erlea literatura-aldizkariko azken alean errekuperautako alkarrizketea dala eta (Xukriri egindako alkarrizketea dago bertan), autorearen eta liburuaren ganeko hainbat kontu argitaratu da han-hemen. Zer dala eta zer dala… idazleak bere bizipenetan oinarritutako liburua dala. Estilo zuzen-zuzenean idatzitakoa. Zuzena ez bakarrik hizkuntzeari jagokonean, ez bada, zuzena ez dagoalako biderik beste ezer interpretetako: esaten dana da jasoten dana. Siniztezina bada bere, halantxe jasoten dira aitak emondako kolpeak, gose uneak, putetxeetakoak, sexu-bizipenak (txoritxu batek esan eustan esku bakarragaz ez, atrilagaz irakurtekoa dala liburua), poliziagazko hartu-emonak, kartzelaldia, lapurretak… ilun, gordin, emoten dira hogeigarren mende erdi aldera, Marokon. Youtuben liburuan oinarrituta egin zan pelikulea bere ikusgai dago, interesdunentzat (Le Pain Nu). Filmean, nire gusturako, indar lar emoten jako frantzesak eta espainolak daukien bizimoduaren eta marokoarrenaren arteko ezbardintasunari. Liburuan, ostera, zuzen-zuzenean egiten da dzanga marokoar pobreenen bizimodura. Hainbeste sartuten zara eurenean eze hain modu naturalean jasoten dan egileak kontautakoa: legez kanpoko ekintza batek zelan eroaten zaituan konturatu barik hurrengora, berez-berez; emakumeak gauez gozetako eta egunez gorrotatzeko dirala pentsauarazoten dauen gizartea; ezkondu ezkero maitasuna agortzen dala uste dauan gaztearen pentsakerea... Bai, gorrotagarria da edukia; baina formea, ostera, zoragarria (eta zer da literaturea ba, gauzak modu ederrean adierazotea baino?).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu