Veleia afera
2010-12-31 17:21 Urtea dudak argituta akabauko dot (duda batzuk, sikeran). Kontua da ze, azkeneko urteotan, hor-han-hemen, Veleian agertutako idazkunen ganean era guztietako berbetak entzun izan dodazala. Hizkuntzalaritzan, nire gaia itzulpenaren kritika dan aldetik (espezializautako ikerleak gara danak bere, gai danak ezin hartuta gabiltzanak, eta zenbat eta gehiago ikasi ikasteko ondino bere orduan eta gehiago falta jakula jaubetzen garenak), ez dot inoiz gaiaren ganeko oharrik egin gura izan. Komentarioren bat bai, beharbada, garrantziarik bakoa. Izan bere, nire barruan beti egon da duda moduko bat, Veleiako idatziak faltsuak izanda bere, ia zer gertatzen ete zan agertutako materialagaz beragaz… Baina tarterik hartu ezinda txostenak eta blogetan argitaratzen zan guztia irakurteko, besteakandik jasoten nituan oharrak eta eretxiak, horixe da barruratu izan dodana. Tirozu ba, euskerearen historian aditua dan hurreko lagun batek, gomendioa egin eustan: 'Irakurri egizu Veleia afera'; Alberto Barandiaran kazetariak idatzia da, oso modu dibulgatiboan azalduten da gaia, hasi zanetik orain arte. Gomendioari kasu eginda, irakurteari ekin neutson. Benetan jasotako kontua dana jakin izan ez baneu, nobela ederra dala esango neuke… Halan da bere, kazetariak alde batekoen eta bestekoen txostenak, esanak… batu eta agertu ostean, argi geratzen da nor ibili dan kontraesanean, nok zelan jokatu dauen, noren diruak ez diran agertu (bai, desagertutako diruak bere badira tartean)… Nahiko argi geratu jat dana: eskuetatik joan jako bromea baten bateri, edo hainbesteko erreperkusino eukiko ez ebala pentsau eban (edo eben: grafologoek idazkunak gitxienik esku desbardin bik egindakoak dirala dinoe euren txostenetan). Harritu nauen gauzetako bat horixe izan da eta: zergaitik eztabaidatu da batez bere hizkuntzalarien esana? Besteen aldean nabarmenagoa egin jat arlo horretan egon dan eztabaidea. Oftalmologoak bihotz-operazinoetan sartzen ez diran legez, hizkuntzaren historian aditu ez diranak, orain arte legez, egin dagiezala ipuinak eta nobelak, gaiaren inguruan zeozer idatzi gura badabe… Hori da hori euskaldunon zoritxarra… danok ei daukagu filologo bat barruan, eta hizkuntzea jakinda haren historiaz eta historia hori ikertzeko bideez bere ba ei dakigu.Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!