3 Mariak

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2010-12-26 22:55   Bertsolaritzea

3 Mariak eleberriko protagonistak adindunak badira bere, liburuaren gaia ez da zahartzaroa bakarrik. “Bizitzari begiratuteko edo ekiteko modua” dau liburuak aztergai nagusienetako bat. Eze adinean aurrera joan bakoak bere zaharrak dira askotan (“Oroitzapenak asmoei gainditzen zaizkienean omen da bat benetan zaharra”, 127. or.), zoriona gauza ezinezkoetan bilatzen dituenak, edo atzera begira:

“Niri,berriz, ez zait iraganean murgiltzea gustatzen. Agian horregatik baztertu dut hain aise, ustez zaharron betebehar nagusia dena. Iruditzen zait oroitzapenak lore lehorrak direla, besterik ezean, bista pittin bat alaitzeko gai direnak, baina lore bizien ondoan triste gelditzen direnak. Eta nik benetako loreak sortu nahi ditut, ez ordezkoak.” (47. or.)

“Ze demontre da xelebre izatea, esan zidan, zer egin behar genuke xelebre ez izateko, amore eman, heriotzaren zain bizi?” (58. or)

“Badakit esan zidala zahar gehienek helburu bakarra dutela bizitzan, iraupena, luzeago bizitzea eta hori dela benetako zahartzaroa, helburu bakar hori izatea.” (58. or.)

“(…) Gorri josten eta ni puntu egiten ari ginela, arratsaldeko eguzkipean, zorionak horrelako zerbait behar zuela izan pentsatu nuela.” (81. or.)

“Ez nuen neure burua modu horretan ikusi, opari gisa.” (103. or)

“Zer egin du bizitzak gurekin esan zuen, (…). Ez zuen erantzun eta nik pentsatu nuen egokiago litzatekeela galdetzea zer egin dugun guk bizitzarekin.” (110. or.)

Gogoetagai asko dagoz liburuan, kasurako, herri zein familia jakin batera lotzen gaituezan zuztarren indarra, edo herri zein familia horrek gugan eragin leikeana, bai gure irudian zein gure jarduteko moduan (batez bere “zer esango ete dabe” langoak pentsetan doguzanean.

“Hegaluxe izango da betiko. Behintzat, gure jaioterrian arrantzaleen artean. Nonbait, iruditzen zaie, izena aldatzen dizutenean, taldeak, herriak, zurengan duen boterea azpimarratzen duela, eta hala da. Alferrik aukeratuko dute zure gurasoek izenik ederrena. Zure izena herriak erabakitakoa izango da, sekula santarako.” (7. or.)

“Herriko kaleetan dago idatzita nire bizitza (…).” (45. or.)

Euskal emakumearen rola edo eginkizuna be oso ondo islatuta ageri da liburuan: zeintzuk izan diran haren egitekoak eta haren sentipenak.

Bildur eta sentipen unibersalagoak bere ageri dira, bai eta urtenbideren bat be (ez da ausarta bildurrik ez daukana, ez bada ze bildurrari aurre egiten deutsona, 178. or.)

Horrez ganera, halangoak dira, besteren artean, gogoetagai Arantza Urretabizkaiaren liburuko berba-lerroen atzean: txikitan alkarreri aginduten deutsagunak zenbaterainoko balioa dauka? Izan bere, txikitan zahartutakoan alkarregaz biziko zirala agindu eutsen liburuko hiru pertsonaiak alkarreri. Edo, haurtzaroko gertakizunak zelan gogoratzen doguz, bakotxak bere erara? Eta, zeri emoten deutsagu garrantzia umetakoak gogoratuten doguzanean?

Gerra be hortxe dago, geure aitita-amamaen bizitzetan eta geureetan legez, hur:

“Orduan ez nekien nire senarra izango zenak beste beldur klase bat ezagutuko zuenik, benetakoa, itsasoan, Matxitxakoren parean, han errotuko zitzaiola, betirako, azkenean burua ustelduko zion zera.” (45. or.)

“Nik ordea ez dut zuzeneko oroitzapenik, kanoikadak eta gurasoen beldurra kenduta. Hori aparte, Joxek bizitakoa zen gerra niretzat, Matxitxakoko zera eta Joxeri betiko barrura sartu zitzaion hotza, gaixotu ondoren ere hainbestetean aipatzen zuena.

3 Marietako hurrekoenak, Txuri eta Gorri, maitagarriak dira, oso maitagarriak.

Eta 3 Mariak, hirurak be, gure etxeetako edozein amama izan leikez, euren sasoiko emakumeak.

Hurre-hurrekoa da liburua, atsegina, maitagarria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu