Liburuak objektu
2010-12-08 17:54Aurten atzera bere egin dot osteratxua Durangon; ibili naz azokan, Ahotsenean eta Durangoko alde zaharrean. Izan bere, danatarako astia dago.
Liburu elektronikoa saltzen dan sasoian, ordenadorera zein telefonora irakurgaia deskargau zeinken sasoian, liburu gero eta ederragoak topau leikez standetan. Ez dinot liburuen edukia dala-ta dirala gero eta ederragoak; objektu legez, artelan legez, baizen.
Beharbada, nik emongo deutsat gero eta garrantzi handiagoa marrazkilariaren, irudigilearen, argazkilariaren zein editorearen beharrari; edo, osterantzean, idazleak eta editoreak bere nire antzeko jokereak daukiez.
Aurten disko eta guzti datorren liburua erosi dot (besteren artean). Diskoan musikea, argazkiak eta bideoak dagoz, liburuko berbak orniduten datozanak. Idazkearen beharrari lotu egiten jako pianojolearena, argazkilariarena, irudi-teknikariarena… Eta berbak arte badira bere, arte-arlo gehiagok apaintzen dituez. Ez daukaguz oraindino bere audio-liburuak (edo ez dira nire eskutara ailegau), baina bai irakurri artean inguratuko gaituen musika eskaintzea egiten deuskun liburu diskoz ornidua.
Liburu hori mesillatxuko moltzora batu dot, badaukot oraindik bere zer irakurri haren aurretik-eta. Gerora apalean eukiko dot, eta lantzean, argazki-bildumea zabaltzen dodan eran egingo deutsat begiratua liburuari bere.
Artean, ia suerteak jota beste zozketea irabazita, beste liburu hartako irudi handi koloreztatua toketan jatan, koadroan, irakurketa-txokoa apain-apain ipini dagidan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!