Esateko modu ederrak

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2010-03-18 00:25   Bertsolaritzea Aspaldion ez dot literatura lanik aitatu hemen, nahiz eta pasau diran liburu batzuk nire eskuartetik. Danek daukie zer edo ha komentetako modukoa, liburu danek itxiten dabe zeozelango arrastoa, baina liburu danak ezin aitatuta itzulpen bategaz natortzue oraingoan: 'En tierras bajas'. Lan hori euskaraz ez badaukagu bere, irrikaz itxarongo deutsagu euskeraz urtengo dauen autore beraren beste lan bati. Izan bere, hurrengo Durangoko azokarako irakurteko moduan eukiko dogu Jokin Zaitegi ekimenari esker Ibon Uribarrik ekarriko deuskun Herta Mullerren Arnasaren kulunka. Herta Mullerren lehen obra da 'En tierras bajas', mundu germanikoan etnografia egiteko duten moldekoa, zeozelan: etnografia literatur bihurtzekoa-edo. Eze mundu errural itxi jakin baten (suaboen jatorriko herrixka baten) une zehatz baten (Ceaucescuen diktadura) bizimodua zertan dan deskribiduten deusku ume baten ahotsak.
Bere sasoian, 'En tierras bajas' hau zentsurauta egon zan Errumanian, Alemaniako kritikak errebelazino bat zala esaten eban artean. Halan akabau eban idazleak, Alemanian exiliauta. Gustau jat kultura ezbardinetako sinboloak (sugea, putzuetako zierpea, mutu edo gor uzten zaituen intsektua...), gure literaturan topau daitekezanakaz konparetea. Gogora ekarri dodaz ahozko tradizinoko ipuin batzuk, baita gure idazleek euren obretan erabili dabezan sinbolo batzuk.  Beste alde batetik, zoragarria izan da liburuko umearen ahotsa entzutea, inguruaren erretratuaz gozamena hartutea, fantasiaz, bildurrez, jakinminez, sinpletasunez, ingenuidadez, irudi ederrez bete-beterik dagoazalako orrialde danak. Liburu gomendagarria esateko modu ederren bila dabizanentzat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu