hEZkuntza

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2010-02-10 12:20

 

 

Kontu egizue, egunokaz hizkuntzaren hezkuntzaren ganeko gaiek ostu deustie buruaren zatitxu bat. Zertan diren gai horreek? Bata email bat dala eta etorri da, bestea telebistako saio barri bat dala eta.

Euskera taldea daukagu herrian, urtero berba probak izeneko ekimena antolatuten dauana. Taldeko kide nazanez gero, lantzean taldearen izenean idaztea toketan jat. Halan egin neban eta mezu hau bota:  

Aurten, maiatzak 15 dekoz berba probetan. Apuntau agendetan.

Mezua bidali eta gitxira erantzun bat jaso neban postontzi elektronikoan. Ea atzera botako neban mezua, baten batek ez ebala eta mezua ondo ulertu eta hoba genduala danek ulertuteko moduko egitura bategaz emon dataren barri. Ez neban mezu barririk idatzi. Idatzi ez arren bere emon deust zer pentsatu asuntuak. Eze betikoan gagoz: arautik urten ezkero, akabo, ez dogu ulertuten. Neu be hizkuntza komunikagarriaren aldekoa naz, baina hizkuntzaren aberastasunari men egin behar jakola begitantzen jat, eta nago ez ete gabizan komunikagarritasunaren izenean sinpletasunera, errazkerira joten… Ostean, erderaz idaztea tokaten da, ala? Holan segurua da ulertuko dana. Bidalitako mezua behin eta barriro irakurrita… hain gatxa da ulertuteko? Testuinguruagatitik be ezin leike atara? Zelan ez gara kapaz honeek ulertuteko eta bai, ostera, erderatik egiten doguzan kalkoak? Horreek ez deuskue belarrian min egiten?

Etxera helduta lehenengoz ikusi neban ETBk emitiduten dauan saio barria: Kerman. Aurrekoak berotuta egongo nintzan-edo, eze larritu egin zan zeozer neure barruan. Ideia ona da bai, baina, sano berandu datorrela begitantzen jat, eta ez doala bat egun bizi dogun egoera soziolinguistikoagaz. ETB hasi zanean egon ziran halango saioak, eta ordurako egokiak ziran, baina orain? Zer erakutsi gura dau gobernu barriak holakoakaz? Argi dago euskera eskoletan eta euskaltegietan ikasten dala, eta bestelako gizarte eremuetan praktikau. Egunerokoan euskera darabilgunon eskola orduak non geratzen dira? Zertan jaso behar doguz orain eskolak telebistan bere? Guk ez ete dogu eskubiderik ikastekoak ez diran saioak jasoteko? Ikasleentzako telebista egin behar da orain? Euskera ikasi gura dauana joan daitela euskaltegira, eta telebista ikusi dagiala (behar diran moduko programak ipinita) belarria egiteko, hizkuntza eredu egokiak jasoteko... Ingelesa ikasten ibilten nintzanean, BBC kateak hizkuntzea ikasteko daukan webgunera joten neban eta, hango testuak, bideoak… danak ziran eguneroko programetakoak. Ez dot imaginetan espainola ikasteko Kerman dan legezko programa bat, ala zuek imaginetan dozue helduentzako “Barrio sesamo”?  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu