Zuzenduten...

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2010-01-28 14:02   Euskaldunak munduan

Astea zuzenduten hasi neban, neure burua bide zuzenetik eroan guran, zuzenketearen ganeko mintegi baten. Zuzentzailea eta testua aurrez aurre izeneko ikastaroan parte hartutea plazerra izan da. Plazerra izan da EIZIE Euskal Itzultzaile eta Zuzentzaileen Elkarteak emon deuskun aukerea aprobetxatuta Euskal Herriko idazlari (ez dot idazle esango, han batutako gehientsuenak itzultzaileak ziran eta) eta zuzentzaile aritu eta adituenakaz berba egiteko eta eztabaidan ibilteko erea eukitea.

Zuzendutea testua hobetutea da. Eta testu danak hobetutekoak diran moduan, testu danek daukie zer zuzendu. Egia da maila askotako zuzenketak egin leitekezala, baina normalean akatsez jositako testuak jasoten ditu zuzentzaileak, eta testua duindu egin behar izaten dau, zuzendu baizen.

Akabuko testua ez da zuzentzailearen meritua, seguruena, aurreko testu (ez zuzendua) euki ez baleu ez zalako gindatxua ipintera ailegauko…

Baina horreek danak, ez ditue, antza danez, beti ondo hartuten idazleek, eskribauek… Hori nire estiloa da! esaten dabe batzutan, eta ez dabe egundo ulertuko eurena “desestiloa” baino ez dala.

Halan da be, generalean eskribau trebeenak apal-apalak izaten dira. Ganera, ez dira zuzenketak gorriz markau hutsagaz konformetan, oharrak eta proposamenak eskatuten eta eskertuten ditue.

Euskeraz askotariko testuak zuzendu behar izaten dira. Batetik itzulpenak dagoz, beti zuzendu behar izaten dira honeek, batez be jatorrizkotik parajeegi itzultzen dogulako. Bestetik, jatorriko testuak daukaguz, nahiz eta  kasu batzutan jatorrizko testuok gura barik gure gogoetan egindako itzulpenak diran, gizarte diglosikoan euskeraz sortuten dauen horrek be beti daukalako erdaren eragina. Ondorioztatu genduan, halan da be, akats ohikoenak testuaren antolamenduagaz lotutakoak izaten dirala, beste batera esanda: ez dakigula testuak koherentziaz eta kohesinoz emoten. Ez daukagu praktikarik…  Zuk zeuk, irakurle horrek, akorduan ete daukazu noz idatzi zenduzan azkenekoz bost lerro baino gehiago segiduan?

PD: Testu honek be badauka zer zuzendu, seguru.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu