Usantzak modan
2009-10-31 21:08 Begi betegarri Maruri-Jatabe, bizimodua eta ohiturak liburuagaz batera atara dan DVDa ikusten nagoala, gogora etorri jat lehengo baten jazo jatana. Kontua da ze, modernoaren modernoaz, bedar-dendara joan nintzala, zamazarratu eta surzarraturako osabideren baten eskean. Emon eustan jarabe moduko bat dendariak, eta aitatutako osogaiak ezezagun egin jatazan, txinoa zan ha niretzat. Baina, halako baten, ez naz ba ohartuten osogaietako bat, "llanten" dalakoa hain zuzen be, zanbedarra dana! Aiko! Antxina etxe guztietan erabilten zan bedarra! Eta gu, sasi-modernook, botika kimikoak saihestuteko aurkikunde bat egin dogulakoan, halango erremedioak (eta gehiago) gure aitita-amamek erabili dituezenean! Ez gara makalak, gero! Erremedioak eta bestelako kontu asko eta asko dagoz aitatu dodan liburuan (etxeak egiteko materialak, olgetak, errezetak, ortuko generoak...). Joan zan barikuan aurkeztu zan Maruri-Jatabe, bizimodua eta ohiturak izeneko proiektuaren emoitza: liburu mardula (15 kapitulutan lehengoen bizimodua jasoten dauana), Fredi Paiak idatzia; eta hagaz batera datorren DVDa, Fredik berak jatabearrei egindako alkarrizketatan jazotako irudiakaz. Liburua eskuartean daukadala, bi kontu jatortaz burura: batetik, jasotakoaren balioa; bestetik, liburuaren atzean dagoan beharra. Liburua (eta irudizko erreportajea) ez da berbategi huts bat, ez da kontu kuriosoak dakarzan anekdota-liburua... etnografia behar zehatza da, Barandiaranen metodo zientifikoari jarraituta egindako lan etnografiko profesionala. Etnografia ez da soilik folklorea (halan dan ustea daukienentzat dinot batez be, eta hori argi geratu daitela gura neuke). Eze, gure geure bizimodua, gaur egun egiten doguna, zaztarrakaz egiten doguna, eskolarako zein beharrerako ordutegiak, astiuneko ekintzak, parrandak... horreek be etnografia dira. Oraindino horreek danak batzen hasi ez bagara be. Halan da be, mende barriko etnografia egiten hasi aurretik lehenagokoa batzea komenidu da, gerora, antropologia egin ahal izateko. Behar prozesuari jagokonez, ez da gaba erdiko ahuntzaren gorgojoa! Lehenengo informanteakaz egin behar da berba. Gero, hainbat grabazino ordu datoz (galdetegi jakin batzuk jarraituta). Ostean, jasotako material dana ordenau egin behar da. Atzetik erredakzino fasea ailegetan da, batek eta besteak esandakoa kontrastau beharra, eta dudarik euki ezkero atzera be informazino bila jotea. Liburua argazkiakaz hornidutea edarra dan ezkero, herriko irudi zaharrak eta jentearen erretratuak batu eta hareetan agertutakoak identifikau behar dira. Argazki barriak be buztartu behar dirala-eta horreek egiten be parajetu egin behar da lekuan lekura. Beste hainbeste behar dauka DVDak: alkarrizketetako txatal onenak edo egokienak elejidu, editau...  Administrazinoa, zuzenketak zein edizinoa ahaztu barik. Prozesu luzea da, behar handia emon arren emoitza ederra itxiten dauena. Ikustekoak ziran aurkezpen eguneko irribarreak, eskerrak, komentarioak... Hunkigarria izan zan, sano, barikukoa. Fredik berak bertso bana opetsi eutsen informatzaileai, eta honeek (eta senitartekoak eta udalekoak) pozarren, euren berbak baliotsu izan diralakoan (eze benetan be halan izan dira). Emozinoak airean egozan barikuan Jataben. Niri beuri garai bateko auzotasuna, orduko izentazinoetako jatorduak... halakoak etorri jatazan akordura, baia familiak batzen ebezenak baino, herriak batzen ebezenak, gaur galbidean dagoazanak.Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!