Eskuaraz soilik etzekiten haiek

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2009-10-28 23:27   Barriketan Aurreko artikulutxuak eragindakoakaz zerikusia daukan gaia dakart, sarritan gogoan zein ahoan ibilten dodana: gure hizkuntzearen ganean daukagun ustea hain zuzen be. Hizkuntzea dan ezkero komunikazinorako daukagun tresna baliotsuena (edo baliotsuenetako bat bai sikeran), kontu egizue zelango frustrazinoa sentiduko eben "eskuaraz soilik ez zekiten haiek", espainolez txarto eta euskeraz be txarto egiten eben eretxidun aitita-amamek. Euren euskerea egokia ez dala jakinarazo eutsien, euskera polita euren lobek ikastoletan ikasitakoa dala. Eta halan pentsetan dabe bene-benetan. Horreen danen lobek, ostera, ez dabe batua euren-eurena balitz lez hartzen, eta afektibidadea, amorrrua, sentimenduak... adierazoteko bestelako hizkuntzetara joten dabe. Horrez ganera, ez dakie noz ibili behar daben etxekoa eta noiz eskolan ikasitakoa, ez dakie ondoko herrikoagaz edo haragoko probintziakoagaz euren euskeran egin behar daben, batuaz egin behar daben... Alderdi batetik normala dala begitantzen jat, eze oinarri-oinarian hizkuntza planifikazino arazo bat dago. Hizkuntza planifikazinoa (labur azaltzearren, kontu korapilotsua da-eta) bi ataletan banatu lei: hizkuntzearen beraren planifikazinoa (arauak, hiztegiak, gramatika...) eta gizartean egiten dana. Geurean lehenengoan ipini dogu arreta larregi (larregi beharbada ez, baina bai bigarrenari baino arean gehiago) orain arte.
Kontzientziazino kanpainak egin dira, bai, baina beti kultur altxorraren babesa lortutearen bidetik, zeozelan esatearren, "abertzaletasun" kontzientziazinoa egin da. Haaitik, hemen falta dana hizkuntzearen ganeko jakintza zabaltzea da, hizkuntza estandarra, dialektoak, erregistroak, ahozko hizkuntzea eta idatzizkoa... bereizten, balioesten eta erabilten ikastea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu