Burutazinoak Ea-n

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2009-07-20 12:10

Poesia idazle eta irakurleek alkar hartu dabe eatarren eskuzabaltasun eta herriko kresalaren babesean joan jakun asteburuan. Eako poesia egunak izan dira. Bilgune ezinobea da Eakoa udan poesiaz, lagunez eta inguruaz gozetako.

Asko eta asko izan dira ekitaldiak (hitzaldiak, mahainguruak, irakurraldiak, berbaldiak, barreak, eguzki printzak…), baina gaur ez nator egitarauaz edo Eako bizilagunek egin deuskuen harrera ezinhobeaz berbetan, horrek be merezidu dauen arren.

Erotismoa eta intimidadea izan dira aurtengo gai nagusiak, eta definizino mugak lausoak badira be, emoten dau euskal literaturan be berba kitzikagarriak topau daitekezala, beti be irakurlearen buruak eta begiek zerikusi handia daukielarik. Zapatuko mahaingurua galdera honegaz hasi eban akuilariak: gogoan dozue zuen lehenengo esperientzia erotikoa? Liburuetan topau zenduen lehenengoa zein izan zan? Ni be horretan parau nintzan momentu baten pentsetan. Hamabi edo hamairu urte neukazala irakurritako El medico liburuko pasartea gogoratu neban, gazte bi gari artean batu zirenekoa… eta ostean, Anna Franken egunerokoaz, neskaren pentsamendu homoerotikoez… Gogoratu neban, ganera, liburuok nire ostean irakurri zituala amak, eta artean halakoez berbarik egin ez eta lotsa apur bat be sentidu nebala gure amak be hareek irakurri zituala ikusita. Baina ez neban lotsarik sentidu berak irakurten zitualako, ez bada nik zer irakurten neban jakingo ebalako… Gaur egun sano ezbardina da, zelan ez ba.

Seguruenik, liburu horreek atzera leiduko baneuz, pasarte hareek ezbardin irakurriko neukez. Baina horixe izan zan, gogora ekarri nebana zapatu eguerdiko kafeostean.

Zuek, gogoan dozuez zeuonak?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu