Daoud Hari: 'Darfurreko egoerea ezagun egin daitela da nire amesa'
2009-11-02 11:29 BarriketanDaoud Hari, Sudango interpretea Bilbon izan genduan orain egun batzuk, urriaren 21ean, zehatz esateko. Gatazka odoltsu baten erdian, interprete baten lanak izan leiken balioaz, zentzuaz eta arriskuez egin eban berba Euskalduna jauregian.
Sudan desertuaren bihotzean dagoan herrialdea da, 1955an Britainia Handiaren menpekotasunetik independizautakoa. Herrialde aberatsa da petrolioan eta lurrazpiko ur putzuetan, eta hara nondik datorren herrialdeak bizi dauen gatazkearen muina. Txinak laguntzen dauen gobernuak herrialdean urteetan alkarregaz bizi izan diran etniak alkarren kontra jarri ditu, baita armamentua emon be. Yanyauid eta Zaghawa etniak ordutik aurrera gerran dagoz. Daoud Hari-k bere larruan bizi izan dau Sudango Darfur eskualdean bizi dan gatazkea. Bere lurrak itxi behar izan zituan yanyauid erasotzaileakandik igesi, Txad-en babestu zan arte. Sudan-eko zaghawa etniako gizona da, eta Darfurreko gatazkea hasi zanean, interprete-lanetan hasi zan nazioarteko kazetari eta Gobernuz Kanpoko Erakundeentzat. Buruan asmo bakarra eukan: munduari bere herrian gertatzen ari zana ezagutarazotea. Holan hasi zan interprete lanak egiten, aurrez Egipton ingelesa eta arabiera ikasiak zituanez. Sudango agintariek, espioitzat harturik, atxilotu egin eben 2006an, Paul Salopek National Geographiceko estadubatuar kazetariagaz eta Abdulraham Anu txadiar gidariagaz batera. AEBen gobernuak eta nazinoarteko taldeek egindako presionari esker askatu eben, hile batzuk geroago.
Egun AEBetan bizi diran Sudaneko bost errefuxiatuetako bat da, eta eguneroko bizimoduan helburu bakarra dauka: bere herrian jasoten danaren barri emotea. Horretara etorri zan gurera eta haren testigantzearen barri izateko aukera parebakoa izan genduan itzultzaileen nazinoarteko eguna tarteko. Daoud Hari-ren lana itzultzaile eta interpreteen ogibideak izan leiken alderik solidario eta konprometituenaren adibide argia da.
The Translator - A Tribesman's Memoir of Darfur (Itzultzailea - Darfurreko tribukide baten oroitzapenak) liburua argitaratu eban 2008an, Estadu Batuetan babes hartu ostean, Darfurreko gatazkan interprete lanetan izandako bizipenak kontetako.
Orain, barriz, Bizkaie! agerkarirako ondokoak kontau deuskuz:
1.- Zelan izan zan interpretazino lanetan hastea?
Darfurretik igesi Txadera ailegau ginanean, errefuxiatuen kanpamentuetara, interpreteak behar ziran bertara joandakoei laguntasuna emoteko. Holan hasi nintzan, Gobernuz Kanpoko Erakundeakaz alkarlanean. Horrezaz ganera, kazetariakaz be behar egitea nahitaezkoa zan Darfurreko egoerearen ganeko barriak munduan zabaltzeko. Ez ginan asko geureaz ganera beste hizkuntzaren batean moldatzen ginanak. Gauzak holan dirala, halabeharrez hasi nintzan interprete moduan. Interprete lanetan baino gehiago gidari moduan ibilten ginan kazetariakaz.
2.- Arriskutsua izango da ba gerra-interprete moduan ibiltea…
Darfurreko egoerea ez da samurra eta alkar aditu gura ez dabenen artean eta alkar hilten dabenen artean bitartekari lanak egitea sano gatxa da. Kontu eizu mugea pasetea bera arrisku handia dala, eta gu sarraskiaren gune-gunera sartzen ginan, jente zuriagaz, ganera.
Lehenengo arazoa kazetarien materialagaz hasten zan. Sarritan hiru kotxe be behar izaten zituen euren kamerak eta trasteak sartzeko. Ahalik eta material gitxien eroateko gomendioa egiten geuntsen guk. Erropea be desertuaren kolorekoa izatea komenidu zan. Bardin jasoten zan kotxeakaz, kristalak be tapauta eroan behar izaten ziran, bidea ikusteko zulotxu bat bakarrik itxita, eguzkiaren distirak kristalean espilatuta inork ikusi ezteko.
Sarraskiaren bihotzean egon orduan, zeure herrian, kasurako, ez dakie zelan jokatu, kanpoko jenteagaz zagoz, ez dakie ondo zertan zabizen... Beste batzuk, egun batean talde batekoakaz ikusten zaitue, beste batean bestekoakaz… susmagarria da, espioi lanetan zabizela uste dabe. Sarri telefono mobilari esker salbau izan nintzan, talderen batek atrapau eta euren goikoei deituta, izan be, eurentzat be interprete beharrak egitea tokau izaten zan lantzean.
3.- Momentu askotan bildur be izango zinan…
Bai, bildurra gauza naturala da. Baina, beste alde batetik, norberak badaki noiz edo noiz hil behar dauela, eta holako estualdietan, berbarako, talde armatu batek atrapetan zaituanean, eurekin berba egiten saiatzen zara, azken finean momentu latzak ahalik eta gehien samurtzen eta gozotzen.
4.- Subertau jatzu itzulpen fidelik ez egitea sentidu beharra?
Zelan ez ba. Batez be itaunketetan. Norberaren eta ondoko kazetariaren eta auto gidariaren narrua arriskuan dagozenean, galdera asko ebitau egin behar dira, denporea irabazteko informazinoa tantaka emon behar dozu, bisitautako leku askoren izenak isildu behar dozuz… Horrezaz ganera, herrixka batzuetan ez dozu zure benetako izena aitatzen… holakoak derrigorrezkoak izaten dira.
5.- Egun Estadu Batuetan zagoz errefuxiatuta, zein da orain zure egitekoa?
Nire lana da Darfurren bizi izandakoaren barri emotea eskoletan, unibersidadeetan, hainbat herrialdetako Gobernuz Kanpoko Erakunde zein gobernuei…. Darfurreko egoerea ezagun egin daitela da nire amesa. Zeozelan enbaxadoretzat daukat neure burua, eta zenbat eta zabalduago egon hango barri, orduan eta hobeto. Nire historiari buruzko liburua euskerara itzultzea be bide bat izan daiteke.
6.- Behar horregaz ez dozu iraganean gatibu geratzeko bildurrik?
Gauza batzuk gogoratzea mingarria da, baina aukeratu egiten dira kontetakoak. Non zer kontau aukeratu behar dan moduan norbera zelango gogoz dagoan be kontuan hartu behar da. Dana dala, esperantzea daukat egiten nagoan guzti honek zeozertarako balioko dauela.
7.- Darfurreko egoerea konpontzeko eta bertara itzultzeko esperantzarik ez dozu galdu, orduan.
Ezelan be ez. Bizi izateak esperantzea izatea dakar, eta bizirik nagoan artean ez dot esperantzarik galduko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!