1953ko grebak Bizkaian
2023-12-18 12:36 Antxinakoak GeureraFrankismo garaian be grebak egin ziran Bizkaian.
1939. urtean frankistak hiru urteko Guda Zibila irabazi eta errepresino gogorra jasan behar izan eben Errepublikearen alde burrukan ibili ziranak, baita euskal abertzaleak be.
Errepresinoa tarteko zala Espainiako ekonomiak behera egin eban nabarmen eta horrek krisi ekonomiko latza ekarri eban. Jenteak 40ko hamarkadan arazoak izan zituan jana eta edana lortzeko. Eta errejimena hasikeran zeozelan isolatuta egoan arren, 50eko hamarkadan gauzak goitik behera aldatu ziran. Nazinoarteko egoereari etekina atara eutsan Espainiako gobernu frankisteak, izan be, ha Guda Hotzeko momenturik erabagigarrienetakoa zan eta Espainia komunismoaren horma bezela ikusten eben mendebaldeko estaduek, baita AEB-ek be. Gauzak holan dirala 1952tik aurrera Estadu frankistea hasi zan Estadu Batuen dirulaguntzak jasoten. Ondorioz, Espainiako kapitalen merkatuak normalizau egin ziran eta 40ko hamarkadan martxan jarritako errazionamendu-liburuxkea alde batera geratu zan. Egoera ekonomikoa apurka-apurka hobera joian. Hamarkada haretan, 1955ean hain zuzen be, Espaninia Nazino Batuen Erakundean (NBE) onartua izan zan.
Dana dala, aldaketa horreek ez eben giro soziala baretu. 1951n, esaterako, greba ugari egin ziran Estadu mailan eta lan gatazka handia egon zan. Grebok eta aurreko hamarkadakoek ez eben elkarren antz handirik. Aro barri honetako grebak aldarrikapen handikoak ziran baina langileak geldialdi laburragoak egiten hasi ziran. Belaunaldi barriek grebak egiteko erak aldatu zituen.
Bestalde, gogoratu behar dogu UGT edo CNT sindikatuak Guda Zibila amaitu zanetik legez kanpo egozala eta klandestinidadean lan egin behar ebela, beraz, momentuz langileen mobimentua arazoak zituan eta errenka ebilen. Ganera, atzerrrira joan behar eben sindikatu tradizionalen kideen ideak zaharkituta geratzen hasi ziran Errejimenak eta Sindikatu Bertikalak (garai haretan Estaduan legala zan sindikatu bakarra, Gobernuaren kontrolpean egoana, hain zuzen be) inponidutako errealidadearen aurrean. 50eko hamarkadako langileek burrukarako beste modu eta bide bazuk bilatu zituen eta, esangura horretan, Errejimenaren barruko antolamenduan erabat txertatuta egozanez sistema hori ardatz hartu eben.
Testuinguru horretan 1953an greba ugari egin ziran Bizkaiko lantegi askotan jaiegunak edo ordu extrak zirala edota aparteko soldaten faltea zala eta. Ondorioz, Bizkaiko industria sektoreko lantegi batzuetan lan-etenaldiak edo grebak egin zituen. Baina duda barik, Euskalduna Ontziolako gatazkea izan zan gure lurraldean egindako guztietatik garrantzitsuena. Grebea 1953ko abenduaren lehenengo egunean hasi zan eta hilebete horretako 10. egunera arte iraun eban. Arrazoiak ugari: langileek gabonetako pagea jaso ez izana, ordu extren alboratzea enpresearen aldetik, soldata duinagoak lortzeko eskakizuna eta lanaldiaren ordu kopuru neurribakoa. Horrezaz gan, enpresea saiatu zan apurtzen alde batetik arduradun eta langileen artean, eta bestetik langileen artean egoan giroa eta hartu-emonak langileen batasun kolektiboaren indarra
ahultzeko.
Hurrengo egunetan errepresinoa nagusitu zan. Euskalduna Ontziolako langile gehienek grebea egitea erabagi eta euren aldarrikapenak bete arte lanera ez zirala bueltauko mehatxatu eben. Lan egiteari itxi eutsienak enpresara sartzen ahalegindu ziran gauzak okerrago eta kaosa areagotzeko, baina poliziek bota zituen handik. Enpreseak ohartarazo eutsen esanez holan jarraitzen baeben kaleratuak izango zirala baina langileek eta sindikalistek baekien enpresaburuei ez jakela interesetan hori aurrera eroatea eta burrukan segidu eben. Hurrengo egunetan, tensioa indartu zan langileek dirua eskatzen ebelako janaria erosi ahal izateko edo euren erropak hartu nahi zituelako beste tailer batzuetan lan egiteko, baina enpreseak poliziaren errepresinoaren laguntzinoagaz ez eutsen itxi. Egoerea goitik behera aldatu zan abenduaren 8tik aurrera, izan be, egun haretan enpreseak langileei soldatak igoteko konpromisoa hartu eban eta greban egozan gehienak lanera bueltau ziran.
Langile mobimentu horreen eraginez eta holako gehiago jazoteko bildur egoanez, patronalak erabagi eban langileen soldatak nahikotxu igotea, %10etik gora. Bestalde, langileek eskatzen zituen beste aldarrikapen batzuk be onartu zituan patronalak. Kontuan izan, frankismoaren sasoian personak eta langileak alkartzea debekatuta egoan arren, Eskalduna Ontziolako gatazkan grebearen azken egunetan langileak batu ziran, gehienak HOAC izeneko sindikatu katolikoaren kideak ziralarik. Aurrekari honek segurutik urte batzuk geroago egingo ziran grebetan langileak batzeko eta ekintza sindikala gauzatzeko bidea emongo eban.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!