Idearioen anteojoak
2019-06-13 12:29Udabarri hau oso politikoa edo politikeroa etorri da, eta ni be harrapatu egin nau. Bizia boladak ei dira.
Kontu jakin bati begitu gura deutsat begietara. Arazoa optikoa da: begietako bista ona eta alkar ezin ondo ikusi. Begietan al dago akatsa? Ez: betaurrekoetan. Jenteak betaurreko politikoak janztea erabagi dau. Betaurreko moreak, betaurreko gorriak, betaurreko baltzak eta bestelakoak jantzita ikusten dot jentea, nire inguruan. Kolore bakarreko anteojoak dira. Betaurreko politikoakaz gertatzen dana da begien aurrean daroazenei ahaztu egiten jakola betaurrekoak jantzita dabilela, eta begitantzen jako mundua holakoxea dala izatez. Hortik dator alkar ondo ikusi ezina; bestetik, barriz, munduaren koloreari buruz alkar ulertu ezina. Hori nire inguruan, baina nere ingurutik at —normaltasunik normalenean edo eskumakoienean— gizabanakoak mundua diruaren eta legearen alderditik ikusiz dabiz, eta diruak nahiz legeak kolore jakin edo bakar bat ez daukienez, emoten dau betaurreko barik dabizela, eta mundua diruaren zein legearen esanera moldatua dagoala, berez eta izatez.
Anteojo honeek danak pasta oso lodikoak dira, esan nahi dana da jenteak idea potoloei ederretsi deutsiela. Eta, tira, idea potoloak oso ondo dagoz, baina han, euren bizileku naturalean, hau da, ideen munduan. Feminismoa, komunismoa, begano-animalismoa —dana da politikea, ezta?—, espiritualismoa, makrobiotismoa, esoterismoa, eta abar luze bat. Eta ismo horreek danak, ganera, euren bersino potoloenean, itsuenean, pedanteenean hartuta: begietako —buru-bihotz-begietako— astigmatismo betean; eta ismo horreek danak, esan lez, oso ondo dagoz, baina ez hareekaz ezkontzeko edo bete-betean bat egiteko; gehienez be, harreman edegi baten erabilteko baino ez, nire ustez.
Honetara nator gaur, gehienbat: hemen pasau dana abertzaletasuna galdu egin dala da; modatik pasau da eta zaharren gauza lez gelditu. Nik neuk be abertzaletzat daukat nire burua; baina, hori bai, abertzaleei koskorrak luzaroan ikutzen ibiltearen kirola maite dot: anbiguoa, beraz. Orain ni neu naz atzera be abertzale berbeagaz eta izateagaz adiskidetu guran dabilena. Hori nahikoa ez dalarik, abertzalea izatea modan jarri gura neuke barriro euskal herrietan. Neure burua abertzaletzat eta jatortzat joteari itxi neutson, berezitxua eta desbardintxua izatearen bidetik jo nebalako —beste ezertan nabarmentzen ez, eta zeozeri heldu behar: lepotentetu beharra egoten da edade batzuetan—. Eta beste arrazoi bat be baegoan: abertzaleak eta super-abertzaleak —aberzakilak lez bataiatzearen lizentzia hartuko dot— ez jatazan iruditzen munduko giza-ale baliotsu eta interesgarrienak; hori be esan beharra dot.
Nire gogoan eta senti-pentsakerean —ez pentsakera huts, lehorrean—, abertzale izatea lurraren eta hizkuntzearen maitasuna bizitea da —holantxe, ismorik eta idea potolorik bage—. Lur honena, hizkuntza honena; Ama Lurrarena eta ama euskerearena. Horregaitik nahiago dabe batzuek Amerri, eta ez Aberri —Erderaz Matria, eta ez Patria; Unamunok proponidu eban hau, oker ez banago—. Poterearen eta diruaren logikearen kontrako jarrerea da abertzale jatorrarena edo jatortasun abertzalearena. Zapalketa eta bazterketa danen kontrakoa. Oraindino ez naz ausartzen abertzale hutsa nazela esatera, eta, badaezpada, anarko-abertzalea nazela esaten hasi naz; abertzale berbea hemen emoten nabilen zentzua hartzen joango balitz, orduan ausartuko nintzake. Niri iruditzen jatana da abertzaletasun jatorraren galereak eta desmodatzeak ekarri dabela ismo potoloen eta frikismo garaikide askotxuren loratze neurribakoa.
Abertzale jatorra behezalea da: beheko jentearen oso aldekoa eta, ondorioz, goikoen oso kontrakoa. Adibide onena neure herrian daukat, eta behin eta barriro ataraten jaku eredu berbera —puri-purian dagoalako izango da—. Ondasun publikoa izan beharko litzateken eraikin baten zati baten okupazino-saio bat dago martxan, helburu kolektibo-sozial behetar bategaz, eta nire moduko abertzaleok alde gagoz —beharbada, ez hainbeste metodoakaz, baina bai jomugeagaz–, baina herriko potere politikoa ez; bestalde, gogora jatost ondasun publikoa dan Loiolako basilika oroz ezaguna jesuiten sekta goitarrak okupauta dagoala. Seguru asko, bertako herritar franko kontra egongo dira, baina potere politikoa, ostera, ez. Okupazino behetar hori ez da oso legezkoa izango, baina bai bidezkoa, eta okupazino goitarra legezkoa izango da, baina ez oso bidezkoa. Adibide esanguratsua da jatortasun abertzale hau nora begira dagoan ulertzeko: zer daukan gogoko eta begiko —ez betaurrekoko!—.
Eta esango jaku, jakina, gu be betaurrekoren batzuk jantzita ibiliko garala. Betaurreko zurigorriberdeak?, betaurreko gorri nafarkatedunak? Ez, ba! Guk ez dogu behar eta ez daukagu banderarik edo kolore jakinik, eta ez dogu inongo mugarik be behar, ezta kirol-selekzinorik be, ezta nafar erreinu zahar antxinakorik be, ezta beste ezgauza askotxu be.
Abertzale jatorrak ez dau aberririk be behar.
Erantzunak
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
Oso interesantea, baina beste ikuspuntu bat gura dizut proposatu.
Eta betaurreko asko, besteek ikusi ditzaten badira? Modernismoko balore, ideia eta idealismo potoloen heriotzagaz (URSS adibide argitzat), kolektibo handienganako fede krisi baten aurrean, indibidualismoa nagusitu da. Eta honen barruan, norberak bere burua jaungoikotzat hartuta, manifestazio indibidualak gertatzen dira (gainera, kapitalismoko konpetentzia behar horregaz).
Holan, gehiegizko sinbolismo-pertsonal/itxurakeria/onanismo baten aurrean gaude, non balore kolektiboak, eta horien artean abertzaletasuna, estu eta larri dauden. Betaurrekoak, ikus ditzaten, gaitzaten, diren garai baten. Politikaz berba asko egin bai, baina politika gutxi egiten den, edo are larriagoa, politika despolitizatzailea (horrelakorik existitzen bada) egiten den sasoi baten. Ze gaur egungo politika, Corte Ingleseko marketin kanpaina bategaz erratu daiteke, eta kontrara be bai.
Eta zoritxarrez, horregaz erratu daiteke hori bera delako, pertsona (juridiko edo haragizko) baten marketin kanpaina. Sinbolismo hutsa, kea, ezer ez.