Lautan Hiru antzerki-jaialdia maiatzean izango da

Bizkaie! 2021-05-03 07:53   Kulturea

Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan eta Bira Kultur Gunean egingo ditue saioak.

Bilboko Plaza Barrian aurkeztu dabe Lautan Hiru (argazkia: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskaltzaindiaren mendeurrenaren harira Bilboko eragile ugariren artean antolatzen hasi ziran Lautan Hiru jaialdia, euskerazko antzerki laburrak erakusteko. Pandemiagaitik pixka bat atzeratu behar izan badabe be, badator aurtengo edizinoa be, hirugarrena, eta maiatzeko lau eguenetan egingo dabe. 

Betiko lez, Bilboko Alde Zaharrean antolatuko ditue saioak, formatu txikikoak. Euskaltzaindiaren egoitzea eta Bira Kultur Gunea izango dira egoitzak oraingo honetan, eta sarrerak Cafe Bar Bilbaon erosi ahal izango dira. Zazpi Katu gaztetxea be antolatzaileen artean dago.

Egun bakotxean hiru antzezlan ikusi ahal izango dira, bakotxa 15 eta 40 minutu bitartekoa. Lehenengo egunean, maiatzaren 6an, Esti Curielen 35 HUTS, Anodino Teatroaren ZOM2 eta Tranpola Taldearen Txilin hotsak programau ditue. 

Maiatzaren 20an Artekartu konpainiaren Hauts artean obrea estreinauko dabe Lautan Hiru zikloaren barruan. Bilboko Udalaren laguntzinoagaz, euskerazko antzerkigintzea bultzatzeko laguntzinoa sortu eban Euskaltzaindiak, eta Artekartukoek irabazi eben. Lankidetzearen emoitzea da Hauts artean.

Garai nahasi eta gatxak dira honeek, Andres Urrutia euskaltzainburuak onartu dauenez, horregaitik, gogotsu jokatu behar dogu, indarrak batu eta ilusinoari heldu. Lautan Hiruren babesle nagusia dan Bilboko Udalari eta egitasmoan parte hartzen daben ganerako eragileei eskerrak emon deutsez: Euskal kulturako eragileakaz batera jokatzea, onuragarria ez eze, ezinbestekoa da. Euskaltzaindiak bere sorreratik bultzatu dau alkarlana, eta etorkizunean be holan jokatuko dau

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu