Emakumeak nagusi Guggenheim Museoko 2021eko zortzi erakusketa handietan

Bizkaie! 2021-01-19 09:03   Kulturea

Anbizinoa eta era guztietako publikoarentzako eskaintzea dira ezaugarri nagusiak.

Alice Neel, 'Elenka' (1936). Met NY, © The Estate of Alice Neel (courtesy) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Guggenheim Museoaren proposamen artistikoen atzean dagozan arduradun nagusiek agerraldia egin dabe, 2021eko erakusketa handiak aurkezteko. Juan Ignacio Vidarte museoko zuzendaria eta bertako arte-arduradunak (Petra Joos, Lucia Agirre, Manuel Cirauqui eta Lekha Hileman) egon dira agerraldian. 

Koronabirusaren pandemiak eragina izan dau Guggenheimen 2020an, udabarrian itxita egon zalako eta bisitarien kopuruak nabarmen egin ebalako behera. 2021. honetan be, Covid-19aren astindua igarriko dabe. Halandabe, programazino mamintsua antolatzen ahalegindu dira.

Anbizinoa eta kalidadea izango dira, hain zuzen be, 2021eko zortzi erakusketa nagusien ezaugarrietako bi, museoko arduradunek azaldu dabenez. Beste bat, aniztasuna. Izan be, era guztietako publikoaren gustuko erakusketak antolatu ditue.

Dana dala, programazino artistikoaren alderdi aitagarriena emakumeen presentzia da. Artearen munduan, beste arlo gehienetan jazoten dan moduan, emakumeen lana ezkutuan egoten da sarri, fokuetatik eta ospetik urrun. Guggenheimeko programazinoa ez da salbuespena izan orain arte, baina, aurten, horri bueltea emongo deutse. Erakusketa nagusietako artista asko emakumeak dira, eta komisario gehienak be bai. Alice Neel pintoreari eskainitako erakusketea eta emakumeek astrakzinoari egindako ekarpen zabalaren ingurukoa dira horren erakusgarri.

Bilboko Guggenheim Museoan 2021ean egongo diran erakusketa handiak, hurrenkera kronologikoan, honeek dira:

- Bilbo eta pinturea. Kosme de Barañano komisario dala, Bilbok eta Itsadarrak XX eta XXI. mendeetan izandako eraldaketea pinturearen bidez erakutsiko dabe. Izen handiko artisten obrak batuko ditue: Adolfo Guiard, Ignacio Zuloaganselmo Guinea, José Arrue, Ramón Zubiaurre, Francisco Iturrino, Aurelio Arteta...

- Alex Reynolds, Bada lege bat, esku bat, abesti bat. Film & Video ataleko obrea. Reynolds sortzaile bilbotarrak obsesino bat dauka: eraikuntza zinematografikoko egitura narratiboak, sekuentziak eta kadentziak aztertzea.

- Urte eroak, 1920ko hamarkadea. Kunsthaus Zürichegaz batera antolatua, orain dala ehun urteko gizartearen eta artearen jarrera aurrerakoi eta barritzailea erakusten dau erakusketeak. Paris eta Berlin oinarri, abangoardiaren egoitzetara joko dabe Catherine Hug eta Petra Joos komisarioek.

- Asmamenaren ildoa. Bilboko Guggenheimen bilduma iraunkorra eta epe luzeko maileguak dira Lekha Hileman komisarioak zuzendutako erakusketa honen oinarria. Ezohiko materialak, desafioak eta ideak bilatuko ditue, asmamena eta jakinmina darabilen artistakana jota: Yoko Ono, Antonio Saura, Henri Michaux, Georg Baselitz, Juan Muñoz...

- Cecilia Bengolea, Tximista dantza. Hau be Film & Video atalean ikusiko da. Elementu garaikideak eta arkaikoak erabilita, arte-adierazpide ugari buztartzen ditu Bengolea argentinarrak. Kasu honetan, jantzea da bideoaren oinarria, baina soinuak, irudiek eta efektuek be pisu handia dabe. 

- Alice Neel, People Come First. Artista amerikarrari eskainitako atzera-begirakoa, XX. mendeko pintorerik erradikalenetako baten obrea zehaztasunez aztertzeko. Ehun pintura, marrazki eta akuarela ikusi ahal izango dira.

- Sharon Lockhart, Noa Eskhol-en mugimendu-rotazioa. Film & Video aretoko urteko azken instalazinoa. Noa Eskhol koreografo eta ikertzailearen (1895-1969) lana aztertu dau Lockhartek bideoinstalazino honetan. 

- Emakumeak abstrakziogile. XX eta XXI. mendeetan emakumeek ekarpen baliotsua egin deutse arte abstraktuari. 200 artista ingururen obrak batuta, erakusketa honek, orain arte ezezaguna izan dan emakume abstrakzinogileen historia kontetan dau. Mundu osoko eta formatu ugaritako artelanak dira. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu