Urriaren 3an izango da Euskal Herriko Jantzari Eguna 2020
2020-09-30 08:52 KultureaBaztanen aurreikusita baegoan be, aurten parte hartzen dauen 56 talde bakotxaren herrian egingo da.
Urtero legez, Euskal Jantzarien Biltzarrak (EDB) Euskal Herriko Jantzari Eguna 2020 ospatuko dau datorren zapatuan, urriaren 3an. Baztanen egitea aurreikusita baegoan be, aurten parte hartzen dauen 56 talde bakotxaren herrian egingo da. Aitatu 56 talde horreetatik 46 Euskal Herrikoak dira eta beste hamarrak euskal diasporan.
EHDE Euskal Herriko jantzari guztien topaleku izan da 1967tik. Aurtengoa ez da izango gitxiago. Euskal Jantzarien Biltzarrak atondutako ekitaldiak dagoeneko martxan jarri ditu 56 talde parte-hartzaileak: grabazinoak egiteko, batzeko, entseguak egiteko eta zapatuan, urriaren 3an, egoera aldakor honetan, zelan jokatuko daben pentsetan.
Jantzari Eguna ezbardina izango da, baina ez erakargarritasun gitxiagokoa. EHDEren formatua guztiz aldatu dan arren, oinarrikoenari eutsiko jako, Euskal Herriko jantza tradizionalei, hain zuzen be. Aldaketa horreei esker, euskal diasporako taldeek parte hartu ahal izan dabe eta jantzek malgutasun eta errepertorio handiagoa izan dabe.
Euskal Herriko Jantzari Eguna hiru fasetan banatu da:
- Eguna baino lehen: talde guztien parte-hartze aktiboa eskatu da, guztien artean EHDE 2020ren aurkezpen-bideo bat grabetako.
- Ekitaldiaren eguna, urriak 3: talde bakotxak bere jatorrizko lekuen egingo dau jantzan eta egunean zehar horren barri emongo da sare sozialen bidez.
- Eguna pasauta: jasotako jantzen grabazino danakaz bideo bat sortuko da eta EDBko artxiboan geratuko da, bizi izan dogun ezohiko urtea gogoratzeko.
Aurten, Euskal Jantzarien Biltzarraren helburu nagusia da jantza taldeak Euskal Herriko folklorea eta jantzak sustatzen eta zabaltzen jarraitu deien. Hori guztia lurralde bakotxean eta momentu bakotxean indarreko osasun eta segurtasun-gomendioak kontuan hartuta. Mezua argia da: Martxan jarri eta jarduereari ekin behar deutsagu barriro beharrezko neurriak hartuta.
Azken buruan, ekitaldiak Eusko Jaurlaritzearen eta Nafarroako Gobernuaren kolaborazinoa izango dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!