Asteon hasiko da 14. Getxophoto

Bizkaie! 2020-09-02 08:59   Kulturea

Opening eguna irailaren 4an izango da, baina aurretik be egongo dira jarduerak.

Jaialdia aurkezteko agerraldia, atzo, Algortan (argazkia: Getxophoto) | Ikusi handiago | Argazki originala

Getxophotok, argazkiaren eta irudiaren nazinoarteko jaialdiak, Getxoko kaleak hartuko ditu irailean, 14. edizinoa hastear da eta. Covid-19aren pandemiagaitik egitarauko jarduera batzuk egokitu egin behar izan ditue, baina antolatzaileek aurrera egitea erabagi dabe, jaialdia bertan behera itxi beharrean, getxoztarren eta bisitarien gozamenerako. Ganera, normalean baino ekintza gehiago egingo ditue online.

Hortaz, edizinorik kalekoena izango da aurtengoa, erakusketa gehienak aire zabalean diralako; baina baita digitalena be, sareko programa berezi eta guzti: app-ak, podcastak, Instagrameko iragazkiak eta playlistak.

Kalera! lelopean, espazio publikoa jorratuko dabe 14. Getxophoton: protestarako agertokia, alkartzeko eta alkar ezagutzeko gunea, esperimentazinorako, olgetarako eta ospakizunerako eremua da espazio publikoa, antolatzaileen arabera. Ohiko espazio publikoa ez eze, online dagoana be kontuan izango dabe.

Bestelako jarduera osogarriak ahaztu barik, erakusketa nagusietan nazinoarteko hogei artistaren proposamen bisualak ikusi ahal izango dira irailaren 27ra arte, munduko herritarrak kalera eroaten dituen ardurak eta burrukak ardatz dirala. Jon Uriarte da aurtengo edizinoko komisarioa.

Hain zuzen be, jaialdiaren hasierako opening ekitaldian izango da Uriarte, hilaren 4an, barikua. Halandabe, bezperatik egongo da martxan Getxophoto. Lehenengo aste honetako egitarauan dagoz, ganera, sareko espazio publikoaren inguruko barriketaldia, zapatuan; eta Mario Santamaríaren Internet Tour txangoa, domekan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu