II. Lurralde Bizia argazki lehiaketea, martxan
2018-09-24 09:44 KultureaBizkaiko ondarea erakusten daben irudiak bialdu leitekez, urriaren 26ra arte.
Igazko lehenengo edizinoaren arrakastea ikusita, Bizkaiko Foru Aldundiak barriro antolatu dau Lurralde Bizia argazki lehiaketea. Europako Ondarearen Jardunaldiakaz bat datorren ekimena da hau eta, hortaz, haren lelo berbera izango dau, Ondarea, emakumeen emaria.
Lehiaketara aurkeztu beharreko argazkietan, Bizkaiko ondare kulturalaren eraikuntzan emakumeek izandako eskuhartzea agertu beharko dala zehaztu dau Bizkaiko Foru Aldundiak, Ondarearen Jardunaldien aurtengo edizinoan be hori nabarmenduko dabe eta. Nahi daben bizkaitar guztiek hartu leikie parte, eta urriaren 26ra arte bialdu leikiez argazkiak, parte-hartzaile bakotxak bat.
Epaimahaiak irudirik onenak aukeratuko ditu. Irabazleari 600 euro emongo deutsiez eta argazki hori leku publikoetan erakutsiko dau Foru Aldundiak, esate baterako, Bizkabus batzuen kanpoaldean. Beste hiru saritu be egongo dira, bakotxa 150 eurokoa. Honakoak balorauko ditue epaimahaikideek: kalidade artistikoa, erabilitako argazkilaritza-teknikea, konposizinoa, argia, enkoadraketea, originaltasuna eta zer neurritan egokitzen dan lehiaketearen helburura.
Baldintza batzuk be ipini ditue antolatzaileek. Argazkiak horizontalak edo karratuak izango dira, ez ditue bertikalak eta panoramikoak onartuko. Argazkiak modu artifizialean ikutu leitekez, distirea eta kalidadea hobetzeko filtro orokorren bidez. Baina ezin da elementurik gehitu, argazki bitako elementuak nahastau ez jatorrizko konposizinoa aldatu. Oinarriak hemen.
Miguel Ángel Gómez Viar ondarearen ataleko Foru Aldundiko arduradunaren esanetan, gaia benetan da erakargarria, eta erronkea be bada Bizkaiko argazki zaletuentzat. Diputaduak gehitu dauenez, aukera parebakoa da ondarearen funtsezko alderdi bati buruz hausnarketea egiteko; hau da, emakumeok eta gizonok zelako hartu-emona dogun espazio pribaduagaz eta publikoagaz, eta horrek zelan laguntzen dauen gure identidadea osotzen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!