XXX. Rikardo Arregi Kazetaritza Saria aurkeztu dabe, '30 urte 10 mugarri' lelopean

Bizkaie! 2018-04-12 12:35   Kulturea

Edizino barriztua atondu dabe Andoaingo Udalak eta Eusko Jaurlaritzeak.

Andoaingo Udalak eta Eusko Jaurlaritzeak aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza Saria aurkeztu dabe gaur, Donostian. Sari prestigiodun honek 30 urte beteko ditu aurten eta, urtemuga berezi hau ospatzeko, edizino barritu eta barritzailea atondu dabe ekimen hau sustatzen daben erakunde biek. Holan, 30 urte, 10 mugarri lelopean, 10 sari banatuko ditue. Rikardo Arregi zanaren sasoitik euskerazko kazetaritzeak gure egunotara arte egin dauen salto handian mugarri izan diranentzat aitormen-sariak izango dira, azaldu dabe antolatzaileek.

Ainara Rodriguez Andoaingo Udaleko Euskera zinegotzi eta alkateordeak eta Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskerea Sustatzeko zuzendariak aurkeztu dabe Sariaren XXX. edizino berezi hau eta gogoratu dabenez, euskerazko kazetaritzea bultzatu eta modernizetako bidean akulu eta sustatzaile izateko atondu eban Udalak ekimena.

Antolatzaileek aurtengo edizinoan sariak eta, batez be, euskerazko kazetaritzeak egin dauen bide oparoa ospatu nahi dabe. Sariketearen helburua euskerazko kazetaritzearen kalidadea, bikaintasuna eta barrikuntzea bultzatzea izanik, edizino honen helburua izango da azken hamarkadotan aitzindari, erreferentzia nagusi, bidegile edota bide erakusle izan diran hamar mugarri autortu eta saritzea. Rodriguezek adierazo dauenez, Rikardo Arregik egin eban kazetaritzea bere sasoian mugarri izan zan, guztiz barritzailea zalako eta ordutik, gure egunotara arteko aurrerakuntzea ez da berez jazo, jente askoren lana dago hor.

Personak, hedabideak, ibilbideak, sustapen lanak, tresnak edota kazetaritza-lan erreferentzialak izan daitekez sarituta aurten; izan be, askoren lana eta ekimena behar izan da euskerazko kazetaritzeak bidean aurrera egin ahal izateko. Ezinbestekoa izan da euskerazko komunikazinoaren lana euskerearen bizibarritze prozesuan. Hainbat eragile, kazetari, gidoilari edota euskaltzaleren ekarpena saritu nahi dogu aurten, lan oparo hori benetan eraginkorra izan dalako euskerea dagoan tokian egoteko, adierazo dau Alkortak.

Norbanakoen zein izaera juridikoa daben erakundeen esku egongo da hamar mugarri horreek proponiduteko aukerea. Proposamenak 2018ko bagilaren 15era arte aurkeztu ahal izango dira posta arruntez edo elektronikoz.

Aurtengo hamar sarituak urrian emongo dira ezagutzera, 30. urtebetetzea ospatzeko jai berezian.

Beste alde batetik, Sariak 30 urte beteko dituan honetan, rikardoarregikazetaritzasaria.eus webgunea abian jarriko dabe maiatzean. Bertan, hiru hamarkadetako sarien ganeko informazino guztia jasoko da, urtez urte eguneratuko dana.

Iban Aranzabal, Goienako zuzendari nagusiak be parte hartu dau aurkezpenean, izan be, komunikabide horretako Kulturrizketak telebista saioa izan zan igaz Rikardo Arregi Saria eskuratu ebana. Aranzabalek Sariaren hogeita hamar urteotako ekarpena azpimarratu eta autortu nahi izan dau, eta etorkizun oparoa aurreikusi deutso.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu