'Goldsmithen ikaslea' kaleratu dau Joxean Agirrek

Bizkaie! 2017-12-04 11:36   Kulturea

Elkar argitaletxearen eskutik dator Azpeitiko idazlearen nobela barria.

Joxean Agirre (Argazkia: Elkar) | Ikusi handiago | Argazki originala

Kenneth Goldsmith ospe handiko poeta kontzeptual bat da New Yorken. Idazle honek literaturearen ganeko ikastaro birtual batzuk emoten ditu Pensilvaniako unibersidadean. Joxean Agirreri euskaldun batek ikastaro horreetan parte hartzea eta bera elebarrirako protagonista izatea interesgarria izan eitekeala bururatu jakon, gehienak New Yorkeko poetak dira, japonesak be badagoz, australiano bat… dino egileak. Bertan, narratzaileak istorio bat kontau behar dau, baina Goldsmithek jarritako arauei eutsiz, kontakizuna ezin da originala izan, horren ordez, iraganeko pasadizu bat gogoratu eta ha idazten hastenda liburuko protagonistea: zelan gaztetan, etxera ezustean itzuli eta orduko neska-laguna topau eban ohean, morroi bigaz abiadura handiko jardunean.

Goldsmithen ikaslea nobelea hiru planotan banatu dau idazleak. Alde batetik, idazlegaiaren bizipenak batzen dituana; ikastaro birtualaren beraren gorabeherak jasoten dituana; eta plano erreal bat, honetan, narraitzaileak ordenadorea ixten dauenean bere emazteagaz dituan hartu-emonen ganeko hainbat zertzelada emoten ditu Agirrek. 

Egileak personaia batzuk eta beste hainbat istorio txirikordatzen ditu, umorez, sensualtasunez eta literatureaganako maitasunez ganezka egiten daben orrietan. Amaieran, ganera, Euskal Herria asteburu baten ezagutzeko gida turistiko, gastronomiko eta kultural bat oparitzen deusku Agirrek, olgetan nahiz benetan hartzeko modukoa.

Joxean Agirre Azpeitian jaio zan 1949an eta kazetaria eta idazlea da. Bereak dira liburu honeek: Lehen triptikoa (1986), Gizon bat bilutsik pasiloan barrena (1991), Elgeta (1996), Romain zen bere izena (2003), La lutte finale (2008), Zwei Frauen (Bi emakume) (2011), Adiskide bat nuen (2013) zein Gizajoen katalogoa (2016).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu