Bizkaiko argazkiak nagusi, Wiki Loves Monuments lehiaketan

Bizkaie! 2017-10-20 10:07   Kulturea

Euskal Wikilarien Alkarteak eta Azkue Fundazinoak eratutako lehiaketara 722 irudi aurkeztu dira.

Wikipedian eta jakintza libreko beste proiektu batzuetan erabilteko asmoz, libre konpartiduteko argazkien lehiaketea da Wiki Loves Monuments. Aurten lehenengoz, Euskal Herriko lehiaketea be egon da, Euskal Wikilarien Kultura Alkartearen eta Azkue Fundazinoaren alkarlanari esker. Erakunde publikoek ondare izentautako monumentuen zerrendea plazaratu eben antolatzaileek, eta horreen argazkiak bialdu behar izan ditue parte-hartzaileek. Bizkaian dagozan monumentuenak izan dira hiru kategoria nagusietako irabazleak.

Euskal Herri osoko argazkien kategorian, Ebaki izeneko erabiltzaileak bialdutakoa aukeratu dau epaimahaiak. Gaztelugatxen egunsentian ateratako bat da. Bizkaiko onenaren atalean, Portugaleteko zubiari gauez ateratako batek irabazi dau; Igerrak alkartearen izenean aurkeztu dabe lehiaketara. Hirugarrenik, Bilboko argazkien kategorian, San Anton eleizearen irudi bat izan da onena, hori be Igerrak taldearena.

Hiru irabazleak eta puntuazinorik altuena eskuratu daben hurrengo zazpi argazkiak nazinoarteko fasean aurkeztuko ditue. Horreek zazpirak ondorengo lekuetakoak dira: Narros jauregia (Theklan), Donostiako udaletxea (Edorta Subijana), Konstituzino plazea 3 (Edorta Subijana), Bizkaia zubia (Ebaki), Konstituzino plazea 2 (Edorta Subijana), Zorrotzako tailerrak (Theklan) eta Jasokundearen eleizea (MerZab).

Wiki Loves Monuments lehiaketearen Euskal herriko atalaren lehenengo edizinora 722 argazki aurkeztu dira. Marisol Ramirez argazkilaria eta Oier Aranzabal kazetaria izan dira epaile: Lehenengo, 26 onenak aukeratu ditue eta, ondoren, finalisten arteko sailkapena egin dabe, puntu bidez. 

Jasotako argazki guztiak euskerazko Wikipedian zein beste hizkuntzetakoetan erabili ahal izango dira, izan be, lehiaketearen helburu nagusietako bat da libre konpartidu ahal izateko irudi gehiago eta hobeak eskura izatea. Era horretara, interneteko alkarbanatutako jakintzea zabaldu eta euskerazko Wikipedia indartu ahal izango da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu