Euskal telesailak gero eta gehiago dira Seriesland jaialdian
2017-10-18 12:38 KultureaInterneteko ehun serie baino gehiago ikusgai aurtengo edizinoan, tartean bertoko zortzi.
Urriaren 24tik 27ra egingo dabe Seriesland, Bilboko Telesail Digitalen Nazinoarteko Jaialdia. Aurreko edizino bietan Bilbao Web Fest izena eukan, baina hirugarren aldi honetan estreinau daben izen barria aproposagoa dala uste dabe antolatzaileek. Jaialdiaren ardatza, baina, ez da aldatu: Internet bidez zabaltzeko sortutako telesail digitalik barritzaileenak Bilbora ekartea, gero eta indartsuago dagoan sektore hori gizarteratzeko, izan be, telesail digitalen merkadua gero eta handiagoa da eta Serieslandeko arduradun Rose Of Dolls-ek azaldu dauenez, batzuk kalidade handikoak dira, websail guztiak ez dira etxe baten barruan sofa baten egindako film oinarrizkoak.
Alderdi bi izango ditu Serieslanden hirugarren edizinoak: Batetik, telesailen proiekzinoak eta lehiaketea. Bestetik, sektoreko profesionalentzako topalekua. Sail ofizialean 30 telesail lehiatuko dira Bilbon. Horrezaz gan, produkzino independenteen Amets atala eta Euskal Herriko lanei eskainitako Euskal Screenings egongo dira. Guztira, ehun telesail baino gehiago, bost kontinentetatik etorriak, 18 hizkuntzatan eginak.
Eskaintza zabal horren barruan, Euskal Herriko produkzinoek eta euskerazkoek be tartea izango dabe. Rose of Dollsek ziurtatu dau gero eta leku handiagoa hartzen dabela hemengo lanek: Lehenengo jaialdia egin genduanean, euskal telesail bakarra jaso eta proiekzino berezi bat antolatu behar izan genduan harentzako; bigarren edizinoan, barriz, bost lan aurkeztu ziran eta orain zortzi. Euskera hutsean zein euskerea eta gaztelania tartekatuta grabautako sailak dagoz, ganera.
Websailen euskal sektoreari bultzadea emoteko ahaleginean, Euskal Screenings ataleko lanik onenari Alemaniako Die Seriale jaialdian parte hartzeko aukerea emongo deutsie. Ganera, atzerriko hainbat jaialdigaz egindako akordioei esker, euskal telesailak Miamin, Hego Korean eta Sizilian be ikusi ahal izango dira.
Sail ofizialean, ostera, urrezko eta zidarrezko otsoak banatuko ditue. Zuzendari onenari eta serie onenari emondakoak izango dira garrantzitsuenak, baina beste 19 kategoriatan be sariak egongo dira. Urriaren 27an, Guggenheim Museoan egingo dan galan banatuko ditue garaikurrak. Aurretik, hilaren 24tik 26ra, proiekzinoak egongo dira Multi zinema-aretoan.
Telesail guztien zerrendea, hemen.
Ekitaldi berezien artean, Juanma Bajo Ulloa zinemagileari egingo deutsien omenaldia da aitagarriena. Interneterako film labur bat grabau eban 2002an, PiPi: Misión improbable, eta, beraz, sektorearen aitzindarietako bat da.
Beste alde batetik, ikus-entzunezkoen eta, batez be, internet bidezko produkzinoen sektorea zertan dan ezagutzeko eta euskal eragileei nazinoarteko ateak zabaltzeko jarduera ugari antolatuko ditue Serislanden barruan. Edukiz beteta dator aurtengo edizinoa, telesail digitalen unibersoa bultzatzeko, adierazo dau Rose of Dollsek.
Akordioen eta enpresa txikiei hazten laguntzeko estrategien bidez, jaialdiak bertoko ikus-entzunezkoak bultzatzeko aukerea emongo dauela uste dau Ainara Basurko BEAZeko zuzendariak. Bizkaiko Foru Aldundiaren menpeko erakunde hori eta Bilboko Udalaren Bilbao Ekintza dira Serieslanden babesle nagusietako bi. Ekintzailetza sistemea barritzea da gure helburua, horretarako talentua behar dogu eta, hain zuzen be, Serieslandek horixe batzen dau, talentua, ganeratu dau Basurkok. Bilbao Ekintzako zuzendari Nora Sarasolak dino, ekimen gaztea izan arren, Serieslandek lekua egin dauela nazinoarteko panoraman.
Erantzunak
Eskerrik asko zuori egiten dozuen lanagaitik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
Eskerrik asko!