Bilbao, Izagirre, Valverde eta Mugica, Euskadi Literatura saridun

Bizkaie! 2017-10-11 13:45   Kulturea

Euskerazko Haur eta Gazte Literaturea, Gaztelaniazko Saiakerea, Ilustrazinoa eta Itzulpena dira gaur ezagutzera emon dituen modalidadeak.

Joxean Muñoz eta lau saridunak (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Joxean Muñozek ezagutzera emon ditu, gaur, Euskadi Literatura Sarietako aurtengo irabazleetako batzuk. Irailaren 29an beste hiru modalidadeetakoak ezagutzera emon ostean, gaur ganerako lau ataletakoak iragarri dira: Euskarazko Haur eta Gazte Literaturan Leire Bilbaoren Xomorropoemak eta beste piztia batzuk lanari emon deutsie. Gaztelaniazko Saiakeran, barriz, Ander Izagirreren Potosí liburuak irabazi dau. Literatura Lanaren Ilustrazinoan Mikel Valverderen Versos de deportes-ek eroan dau eta azkenik, Euskerazko Literatura Itzulpena Matías Mugicak hartu dau Testamentua (François Villon) obreagaitik. Erdi Aroko frantsesetik euskeratu dau liburu hori.

Muñozek, Tabakalerako Ubik liburutegian emondako prentsaurrekoan, lau modalidade honeetako epaimahaiek euren ebazpenak argudiatzeko emondako arrazoiak irakurri ditu. Irabazleak beragaz batera izan dira agerpen publiko honetan eta saria eskertu dabe.

Epaimahaiaren ustez, Leire Bilbaoren lanak umeen literatureak behar dauen tonua eta pultsuari ederto heldu deutso, hizkuntzeagaz jolasteko gonbidapena da. Bestetik, Potosí lana dala eta, Ander Izagirreren kronikeak mundu ezezagunetara hurreratzen gaitu, eta horreek biziz ganezka sentiarazoten deusku, dinoe epaimahaikdeek.

Mikel Valverderen ilustrazinoen inguruan, epaimahaiak dino hizkuntza poetikora egokitzen diran ilustrazino freskoak dirala eta testuaren irakurketa paraleloak eskaintzen dituen eszena txikiak sortzen dituela. Amaitzeko, Matías Mujikaren itzulpena be nabarmendu dabe epaimahaikideek, jatorrizko testuaren oihartzun zintzoa dakarrelako, 7+6 silabako zortzi bertso-lerroko ahapaldietan.

Zemendiaren 13an banatuko dira aurtengo Euskadi Literatura Sariak, Donostian egingo dan ekitaldi baten. Han izango dira, beraz, gaur iragarritako lau irabazleak eta lehendik jakinak izan diran Asier Serrano, Fernando Aranburu eta Arantxa Urretabizkaia.

Saridun bakotxari 18.000 euroko saria emongo deutsie eta beste 4.000 euro eskuratu ahal izango ditu bere lana beste hizkuntza baten argitaratzen badabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu