Augustin Zubikarai nobelak sortzeko bekea martxan da

Bizkaie! 2017-07-21 09:31   literaturea

Ondarroako Udalaren eta Elkar argitaletxearen eskutik dator saria eta euskal kulturea aberastea eta idazleen lanei bultzadea emotea ditu helburu.

Hasieran elebarri laburrentzako lehiaketea izateko sortu eben Ondarroako Udalak eta Elkar Argitaletxeak sari hau, baina handik eta bederatzi urtera formatoa aldatu eta nobelak sortzeko bekea bihurtu zan. Joxian Agirreren Zwei Frauen, Itxaso Araqueren, Damutzen ez direnak, Jasone Osororen 12etan bermuta eta Miren Gorrotxategiren 33 ezkil, dira orain arte Augustin Zubikarairen laguntzinoagaz argitaratu diran liburuetako batzuk.

Oinarriei jagokenez, deialdi honetan, elebarriak idazteko proiektuak aurkeztu daitekez, jatorrizkoak eta euskeraz sortuak, moldatu bakoak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez diranak.

Kontuak kontu, beka hau behin irabazten dauenak ezingo dau barriro parte hartu.

Parte-hartzaile bakotxak, ondorengoak aurkeztu behar ditu, emailez atxikitako dokumentuetan:

a)  Landu nahi dauen kontakizunaren azalpena, bi mila eta sei mila karaktere bitartekoa, egoki eretxitako ezaugarriak zehaztuz, besteak beste, argumentua, egiturea, luzerea, estiloa, etab.

b) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, hamabost mila eta berrogei mila karaktere bitartekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osotzen dauena.

c) Egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatua (Egileen ganeko informazinoa Udalak gordeko dau erabagia hartu arte, eta epaimahaikoek ez dabe jakingo horreen barri).

Proiektuak 2017ko irailaren 30era arte bialdu daitekez helbide honetara: mrey@ondarroa.eus

Ana Urkiza, Leire Bilbao eta Xabier Mendigurenek osotutako epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertu eta hartutako lanen arteko bat izentauko dau irabazle 2017ko urriaren 31 baino lehen. Aurkeztutako lanek behar adinako kalidaderik ez dabela erabagi ezkero, bekea emon barik laga leike epaimahaiak.

Saria 6.000 eurokoa izango da eta Ondarroako Udalak ordainduko deutso irabazleari era honetara: bekearen diru-kopuruaren erdia, irabazle izentau ondoren, eta beste erdia, idazlan amaitua entregau eta epaimahaikoek onespena emondakoan.

Irabazleak, izentapena jaso eta urtebeteko epea izango dau, gehienez, idazlan amaitua Ondarroako Udalari helarazoteko. Luzerea aldez aurretik zehazten gatxa bada be, liburua osotzeko beste izan beharko dau: 150.000 karaktere gitxienez. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango baleu, epaimahaikoei jakinarazo beharko deutse aldaketearen barri eta hareen onespena jaso. Horrezaz gan, lanaren martxaz jakinaren gainean izango ditu antolatzaileak.

Idazleak bere lana entregauko ez baleu, edo idazlan horren edukina eta kalidadea, epaimahaikoen eretxiz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmen kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko dau jasotako dirua.

Diru-laguntzinoa jasotako idazlanaren jaubetzea egilearena izango da. Alabaina, lan horrek ezingo dau beste beka edo saririk jaso, ez laguntzinoaren aurretik ez eta ondoren be, argitaratu osteko sariak izan ezik. Elkar argitaletxeak argitaratuko dau idazlana, eta egile-eskubideak ohiko moduan ordainduko deutsoz egileari. Epaimahaiak onespena emoten dauenetik hiru hilebeteko epean kaleratu beharko da liburua, eta bertan bekearen aitamena egingo da nahitaez.

Beka-deialdi honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat emotea dakar. Horreen ulermenean zalantzarik balego, antolatzaileei jagoke erabagitea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu