'Sardinita' izango da Bilboko aratusteetako kartela

Bizkaie! 2017-02-08 13:32   Kulturea

Hilaren 23tik 28ra bitartean izango da ospakizuna. José Ángel Ligero Martínez errioxarraren lana izan da sei finalisten artean irabazlea.

Aratusteagaz lotutako sinbolismo handia dauen arrain bat, sardinea, da karteleko protagonista ia bakarra. Lerro baltz bik eta pilota gorri batek sortzen dabe sardinearen siluetea kartelean. Hondoa zuria da eta beste elementurik ez da agiri. Sinpletasuna da, beraz, José Ángel Ligeroren diseinuaren ezaugarri nagusia.

Herritarren eta epaimahai baten eretxia kontuan hartuta, Sardinita izeneko lan horri emon deutsie sari nagusia, aratusteetako kartelen lehiaketan, Bilboko Udalak jakitera emon dauenez. Hartara, ospakizuna iragarriko dau Ligeroren lanak. Ganera, egileak 2.000 euroko saria jasoko dau.

José Ángel Ligero, Nafarroan bizi dan errioxarra, aspalditik dabil diseinuaren munduan. Ehun bat sari irabazi ditu orain arte. Bilboko Aste Nagusiko kartel lehiaketan finalista izan da behin baino gehiagotan eta aratusteetako lehiaketea irabazita, arantzatxu bat kendu dauela adierazo dau.

Aurtengo lehiaketan 50 kartel inguru aurkeztu dira. Gehienak Bilbo eta inguruetatik heldu dira, baina urrunagokoak be egon dira: Kataluniatik, Andaluziatik eta abar hainbat proposamen jaso ditu Bilboko Udalak. Epaimahaiak sei finalista aukeratu zituan eta herritarrek aukeratu dabe horreen arteko irabazlea.

Bilboko aratustea zezeilaren 23tik 28ra bitartean egingo da aurten. Urtero legez, eguenetik martitzenera bitartean egingo dira ospakizunak. Aratustea amaitzeko, sardinea erreko dabe bilbotarrek, ohitureak agintzen dauen legez. Hain zuzen be, ekitaldi sinboliko horretan oinarritu da José Ángel Ligero aurtengo kartela egiteko.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu