Hamahiru konpainia batuko dira Arrigorriagako XIX. Clown eta Pailazo Jaialdian

Nagore Ferreira Zamalloa 2014-05-06 15:55   Kulturea

Maiatzaren 9tik 11ra bitartean clown eta zirkuko diziplinak ezagutzeko aukera parebakoa izango da Arrigorriagan, XIX. Nazinoarteko Clown eta Pailazoen jaialdian. Emonaldiez aparte, zirku tailerra eta Gorakada taldeari buruzko erakusketea antolatu ditue.

Maiatzaren 9tik 11ra bitartean clown eta zirkuko diziplinak ezagutzeko aukera parebakoa izango da Arrigorriagan, XIX. Nazinoarteko Clown eta Pailazoen jaialdian. Emonaldiez aparte, zirku tailerra eta Gorakada taldeari buruzko erakusketea antolatu ditue.

Asier Albizua Arrigorriagako alkateak, Gonzalo Olabarria Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Zuzendariak eta Amagoia Garaizabal jaialdiko arduradunak aurkeztu dabe ekimena Bilboko Rekalde aretoan.

Kalidade handiko kartela, adin guztietarako modukoa osotu dabela nabarmendu dau Albizuak. Aurten, ganera, igaz baino aurrekontu handiagoagaz. Hain zuzen be, 50.000 euroko aurrekontua euki dabe, 2013an baino 10.000 gehiago. Urteotan 240 konpainia eta artistak hartu dabe parte jaialdian.

Euskal Herriko hiru talde izango dira Arrigorriagan, euren lanik barrienak erakusten: Nalua konpainiak Fakir Handia eskainiko dau barikuan; Gari, Montxo eta Joselontxok, Kontxo... kontxo, zapatuan; eta, Teatro Salitrek Rico, rico, rico, domekan. Urtero lez, bertoko konpainien presentzia zaindu dogu, ganeratu dau Arrigorriagako alkateak. Eta euskerea be gogoan daukie, halanda ze, hiru ikuskizun euskeraz egingo dira.

Horrezaz gan, kanpoko hamar talde etorriko dira, zazpi estadu espainiarrekoak, Argentinatik bi eta Frantziatik bat. Monkey Style frantsesak, berbarako, Babyllon lana estreinauko dau zapatuan, eta Kataluniako Guillem Alba & The All In Marching Bandek, Marabunta.

Umeentzako eskaintza interesgarria egongo da, egunero izango da aukeran familientzako emonaldiren bat. Zapatu arrastian, birziklapenaz jardungo dabe Cartonutti konpainiakoak Cartonutti y las 3 RRR antzezlanagaz, eta domekan, Teatrapokoek naturearen garrantzia gogoratuko deuskue Sfera lanaren bidez.

Teatro Salitrek orain hogei urte estreinautako lana berrestreinauko dabe, haren bersinoa egingo dabe Arrigorriagan. Konpainiako Josu Bilbao eta Jesus Peñas prentsaurrekoan izan dira. Euren burua guarriclown dalakotzat dabe, hau da, zikinak, desatseginak eta politikoki ez zuzenak dira, euren esanetan. Lehen kulturea egiten genduan -esan dabe ironiaz- eta ez etorren inor gu ikustera, orain, barriz, dana beteten dogu. Nalua taldeko Ruth Garciak be parte hartu dau aurkezpenean, berak Fakir Handia eskainiko dau. Ikuskizun parte-hartzailea, absurdua da, nahi dodana egiten dot.

Eguraldia lagun izatea espero dabe antolatzaileek, baina holan ez bada Kiroledegian egingo ditue saio guztiak. Udaletxeko plazea, Joan XXIII.ren plazea eta Kiroldegia bera izango dira edizino honetan be eszenatokiak. Emonaldi guztiak debalde dira.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu