Kataluniar batena da aurtengo Durangoko Azokearen kartelaren diseinua

Bizkaie! 2010-10-05 14:16   Kulturea

Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokearen 45. edizinoa iragarriko dauen kartela ezagutzera emon dau gaur Gerediagak, azokearen antolatzaileak. Laugarrenez, lehiaketa bidez aukeratu dabe Durangoko Azokearen barri emongo dauen irudia.

Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokearen 45. edizinoa iragarriko dauen kartela ezagutzera emon dau gaur Gerediaga Alkarteak, azokearen antolatzaileak. Laugarrenez, lehiaketa bidez aukeratu dabe Durangoko Azokearen barri emongo dauen irudia.

Kartel irabazlearen egilea Fede Bosch izan da, kataluniar diseinatzailea. Diseinu grafikoa ikasketak egin eta freelance ibili zan lanean, soldatapeko beste lan bategaz buztartzen eban bitartean. Baina 2003an, TIO PEPE etxearen marka barrirako lehiaketea irabazi eta diseinugintzeari ekitea erabagi eban. Ordutik, Bartzelonako publizidade enpresatan lan egin dau.

Azpimarratzekoak lehiaketa batzuetan izan dauen partehartzea:

- 2007an San Fermin jaietako karteletan finalista eta 'Diario Navarra' egunkariko irakurleen gustukoena.
- Igaz Getxoko marka turistikoa aukeratzeko lehiaketan finalista
- Igaz Debako Kultur Alkartearen 50. urteurreneko logotipo lehiaketan irabazlea.

Aurtengo kartela aukeratu dauen epaimahaia honako honeek osotu dabe: Pedro Mª Basañez arkitektoa eta Arte Ederren Fakultadeko irakaslea, Ismael Iglesias artista plastikoa, Javier Garcia de la Torre arkitektoa eta Txaro Berriozabalgoitia Gerediaga Alkarteko bazkidea. Idazkari Aitziber Atorrasagasti Gerediaga Alkarteko kudeatzailea izan da.

Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokearen 45. edizinoaren kartela irabazteagaitik, Fede Bosch-ek 1.300 euroko saria eskuratuko dau.

Fede Bosch kartelaren egileak azpimarratu dauenez, 'Azokearen bi elementuen bateragarritasuna buztartu gura izan ditut, irakurri eta musikea entzun biak batera egin daitekezala erakusteko'.

Disko-jogailu zahar baten irudia erabilita, tradizino handiko ekimena adierazoteko aukerea izan dauela be nabarmendu dau eta 'libura disko bat balitz legez ipinita, poesia bisual txikia' lortu gura izan dauela be bai.

Aurten, 49 lan aurkeztu dira lehiaketara, horreetatik hamar Durangaldetik bertatik heldu dira eta, beste hamar, Euskal Herritik kanpo.

Kontuak kontu, 45. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokea, abenduaren 4tik 8ra egingo da aurten.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzunak

Ines Gandarias 2010-10-05 16:07 Erantzuna | #1

Eta Gerediagakoak ez dira konturatu 2010eko ipini beharrean 2010ko jartzen dauala? Ez al da berandu izango zuzentzeko!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu