VII. Zinema eta Zientzia zikloak inoiz baino ikusle gehiago izan ditu

Bizkaie! 2024-04-09 12:08   Zinemea

Ekimenak 5.641 persona batu ditu.

Euskadiko Filmategiak Donostia International Physics Centerregaz (DIPC) eta Donostia Zinemaldiagaz batera atondutako ekimenak 5.641 persona batu ditu urtarriletik martira Gasteizen, Donostian, Bilbon, Iruñean eta Donibane Lohitzunen, 2023an baino % 9,60 gehiago.

Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Donostia Zinemaldiak antolatzen daben Zinema eta Zientzia zikloaren zazpigarren edizinoak bere ikusle-marka hausi dau aurten, 5.641 persona batu baititu, 2023an baino % 9,60 gehiago. Guztira 47 saio izan ziran Gasteizen, Donostian, Bilbon, Iruñean eta Donibane Lohitzunen, batez beste 120 ikuslegaz. Egoitza guztiek (Tabakalerak izan ezik; igaz ia % 100eko okupazinoa izan eben) nabarmen igon dabe batez besteko ikusle kopurua: Arte Ederren Bilboko Museoak 182tik 216ra egin dau gora; Gasteizko Artium Museoak 37tik 63ra; Iruñeko Golem zinemek 68tik 78ra eta Donibane Lohitzuneko Le Sélect zinemek 24tik 41era.

Kultura zientifikoa eta zinematografikoa zabaltzeko helburua dauen zikloaren film ikusienak honakoak izan dira: Oppenheimer (Christopher Nolan, 2023), 1.079 ikuslegaz; Bombshell. La historia de Hedy Lamarr (Alexandra Dean, 2017) 699gaz, Memorias de África (Sydney Pollack, 1985) eta Plan 75 (Chie Hayakawa, 2022) 637 eta 636gaz, hurranez hurran.

Era berean, adimen artifizialari buruzko Mars Express (Jérémie Périn, 2023) filma pantaila handian ikusteko aukerea izan dabe ia 600 ikaslek. Proiekzino guztiak nazinoartean ospe handiko 26 zientzialariek aurkeztu ditue eta Pedro Miguel Etxenike fisikariak (DIPCko presidentea eta Asturiasko Printzea Saria, besteak beste) egin eban Oppenheimer filmaren inaugurazino-aurkezpena Donostian, Bilbon eta Iruñean.

Zinema eta Zientzia zikloak Emakumeak Zientzian ekimenaren barruan parte hartu dau eta Biogipuzkoaren laguntzea be izan dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu