Fant Jaialdiak jarduera osogarriak dakarz

Bizkaie! 2024-04-08 10:39   Zinemea

Jaialdiak 30. urteurrena ospatuko dau maiatzaren 3tik 11ra.

Bilboko Udalak atondutako FANT – Fantasiako Zinemearen Jaialdiak, proposamen ugari dakarz jarduera osogarrien eskaintzan.

La Perrera – Konekta Udaltegiak proiekzibo bi hartuko ditu (Before I Wake eta What We Do in the Shadows), jatorrizko bersinoan, euskerazko eta gaztelaniazko azpitituluakaz, baita apirilaren 26-27ko astegoienean euskerazko rol joko bat be.

Maiatzaren 2an, eguenean, jaialdiaren hasierearen bezperan Skimales Krueger Party kontzertua izango da Bilborocken.

Erakuskerak

Apirilaren 15etik maiatzaren 10era bitartean Bilbotik Kaliforniara: ilustratzaile bilbotarra DC Comics-en erakusketea izango da Barrainkuako Udaltegian. Erakusketa hau Jon Mikel Bañalesen eskutik dator, datorren maiatzaren 17an, 19:00etan, Borja Crespogaz izango dana komikiei buruz berba egiteko. Gero, 20:00etan, erakusketearen bisita gidatua be eskainiko dau.

Apirilaren 30etik maiatzaren 31ra, 30 FANtartistas izeneko beste erakusketa bat izango da Café Vía de Fugan (Gordoniz kalea, 5). Erakusketa hau FANT Jaialdiak 30 urteotan zehar aurkeztutako kartelen bildumea da. Proposamen hau Nahiarte-ren eskutik dator, ezintasun psikiko edo intelektuala daben personentzako sorkuntza artistikorako espazioa, Formarte – Trabarik bako Arte Eskoleagaz batera.

Begoñako Udaltegiak Robot Dreams erakusketea jasoko dau maiatzaren 2tik 15era bitartean. José Luis Ágreda arte zuzendariak komisariauta, erakusketan Goya sarietan Animazinoko Film Onenaren Saria irabazi dauen Pablo Bergerren filmaren sortze-prozesua ikusi daiteke.

Maiatzaren 2tik 20ra, Tolkien-en mundua: Hobbiton lurraldea ezagutuz erakusketearen txandea izango da, Begoñako Udal Liburutegiaren eskutik J.R.R, Tolkien-en lanetan oinarrituta. Proposamen honek liburuak, komikiak eta filmak batuko ditu.

Musikea eta proiekzinoak

Maiatzaren 2an, eguenean, jaialdiaren hasierearen bezperan, 20:00etan, Bilborockeko gunean Skimales taldearen kontzertua izango da FANTen 30 urteurrenerako sortua.

Ikuskizun honetan, kontzertu bildurgarri batez gozau ahal izango da. Horretarako rock komikoko talde bilbotarrak bere gratest hits-ak errepasauko ditu Skimales Krueger Party jaialdian.

Hori baino lehen, apirilaren 30ean, 21:30ean, 30 FANTartistas erakusketearen inaugurazinoaren ondoren, Via de Fuga kafetegia Lourdes Madow DJren erritmora izango da, zonbi saioaren agertokia.

Amaitzeko, maiatzaren 10ean, jaialdiaren amaiera bezela, 22:00etan, Azkena Aretoan Saio FANTastikoa egingo da: 2 Mary DJs – Txumari Diyeisek Koldo Serra eta Borja Crespo zinemagileagaz batera rock, indie, elektro, 80s eta bizarradak nahastauko ditue.

Proiekzinoak apirilaren 25ean hasiko dira, 17:30ean Barrainkuako Udaltegian, 7urtetik gorakoentzako La vida del Calabacín (Ma Vie de Courgette) animazinoko filmaren proiekzinoagaz. Maiatzaren 2an, leku eta ordu berean, Dilili en París proiektauko da, 6-12 urtekoentzako; bertan, Frantziara heldu eta Pariseko Belle Époqueko bahiketa misteriotsu batzuk ikertzen dituan 6 urteko neskato baten istorioa kontetan da. Proiekzinoak jatorrizko bersinoan izango dira euskerazko azpitituluakaz.

Apirilaren 26an La Perrera-Konektako Udaltegian, 18:45ean, Beyore I Wake proiektatuko da, lo egiteak bildurra emoten deutson ume baten istorioa kontetan dauen filma, bere amesak errealidadean bihurtzen diralako; eta 27an, What We Do in the Shadows dokumental faltsu bat, banpiro bat izanik eguneroko errutinea zer dan azaltzen dauena.

Azkenik, FAS zineklubagaz batera, apirilaren 30ean Earwig-en txandea izango da, 19:45ean Indautxu Aretoan jarriko dana. Alberten istorioa kontetan dau, bere apartamentutik sekula urtetan ez dauen neska bat jagon behar dau. Bera Mía da eta izotzezko hortzak ditu. Hori izango da FANTen programazino osogarri guztia ordaintzeko jarduera bakarra.

Bestelakoak

La Perrera - Konekta Udaltegian egingo diran proiekzinoez gan, apirilaren 26 eta 27rako atondutako FANT & Rola saioak, Ametsak eta ametsgaiztoak: rol jokoak izenburupean. Proposamen hau Rolariak Kultur Alkartearen eskutik dator eta, Freddy Krueger, aurtengo FANT Jaialdiko karteleko protagonistea erreferentziatzat hartuta, fantasia, bildur eta zientzia fikzinoko amesezko sei mundutan barruratuko ditu parte-hartzaileak, bariku arratsaldean 16:00etatik 18:30era izango da eta zapatuan 10:30etik 13:00era eta 16:00etatik 18:30era.

Maiatzaren 4an, Apokalipsi klimatikoa: biziraupenerako eskuliburua izeneko tailerra eskainiko da Eneko Muruzabal Elezcanogaz, 12:00etan, Azkuna Zentroko Bastida Aretoan, ikus-entzunezko produkzino jasangarri baterako zelan lan egin behar dan aztertzeko.

Hurrengo egunean, maiatzaren 5ean, 12:00etan, Bastida Aretoan Felipe Mugicaren Asia Fantastic Magazine Fanzinea aurkeztuko da Oscar Salazarregaz batera.

Azkenik, maiatzaren 7an, toki eta ordu berean, FANTen 30. edizinoak Pitch bat izango dau, euskerazko fantasiako generoko film laburren produkzino bultzatzeko laguntza barria (aurten abian jarria) irabazi dauen proiektua hautatzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu