Doris Day aktore amerikarra hil da

Bizkaie! 2019-05-14 08:05   Zinemea

Hollywooden Urrezko Aroko azken ordezkarietako bat zan.

XX. mendearen erdialdeko aktorerik entzutetsuenetako eta maitatuenetako bat izan zan Doris Day, eta abeslari legez be arrakastea euki eban. Haren izena daroan fundazinoak jakitera emon dauenez, goizeon hil da Day, Kaliforniako bere egoitzan, pneumoniak jota. 97 urte zituan.

Cincinnatti urian jaio zan Doris Mary Ann von Kappelhoff, 1922an, eta gaztetan jantzaria izan nahi eban, lesino batek asmo horretatik urrundu eban arte. Kantuari heldu eutsanean bihurtu zan ospetsu. Bere ibilbidean ia 30 disko plazaratu zituan, azkena 2011n, ia 90 urtegaz. It's Magic; Secret Love; Que Sera, Sera; Everybody Loves a Lover; eta Day By Day dira bere disko ezagunenetako batzuk (azken horretatik hartu eban Doris Day izen artistikoa). 2010ean Ohorezko Grammy Saria emon eutsien.

Kantuan hasi eta gitxira, aktore lanak egiteari be ekin eutsan. 1950eko eta 1960ko hamarkadetako aktore ospetsuenetako bat izan zan, Hollywoodeko izar disdiratsuenetako bat. 1953ko Calamity Jane musikala izan zan bere lehenengo film arrakastatsua. Alfred Hitchcockegaz lan egin eban handik lasterrera, The Man Who Knew Too Much filmean.

Pillow Talk eta Lover Come Back pelikuletan Rock Hudsonen alboan egin eban lan, eta Cary Grantegaz That Touch of Mink-en. 1968koa da Doris Dayren azken filma, With Six You Get Eggroll. Oscar Sarietarako izentau eben, baina ez eban irabazi. Publikoaren gustuko aktorea izan zanez, bere sasoian txarteldegian diru gehien batzen eban aktoreetako bat zan.

Azken hamarkadetan fokuetatik urrun ibili da Doris Day, lantzean behin berragerpenen bat egin arren, telebistan zein musikagintzan. Batez be, animalien eskubideen aldeko burrukan sartuta pasau ditu azken urteak.

Hollywoodeko Urrezko Aroa esaten jakon sasoiko ordezkari nagusietako bat izan zan Doris Day, eta orduko aktoreetatik bizirik geratzen zan apurretako bat zan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu