Bernardo Bertolucci zinemagilea hil da

Bizkaie! 2018-11-26 11:24   Zinemea

Azken tangoa Parisen, Novecento eta The Last Emperor filmen egilea 77 urtegaz hil da.

Bernardo Bertolucci | Ikusi handiago | Argazki originala

Italiako eta nazinoarteko zinemagintzako maisu handienetako bat hil da Erroman. Bernardo Bertoluccik (1941-2018) hogei film inguru zuzendu zituan, obra esperimental txikietatik hasi eta produkzino karuetara. Gidoilari, produktore eta kulturgintzearen eragile izan zan, harik eta gaixotasun batek jarduna mugatu eutsan arte azken urteotan.

Poeta baten seme eta Pier Paolo Pasoliniren lagun, ezkerreko ideak defendidu zituan beti. Polemikearen erdi-erdian egotea be bere zaletasunetako bat zan. Hain zuzen be, Bertolucciren lehenengo pelikuletako batek eskandalua eragin eban 1972an. Azken tangoa Parisen eztabaidarako iturri izan zan hasieratik, baina zinemagintzako klasiko bihurtu da.

Novecento luze-luzea (bost ordu, zati bitan banatuta) da Bertolucciren beste klasikoetako bat, 1976koa. Italiako gizartearen errepaso zabala da, edertasun handikoa, bai eszenetan eta baita musikan be. 1987ko The Last Emperor be ez da ahaztu behar, bederatzi Oscar irabazi zituan, tartean zuzendari onenarena.

Azken hamarkada eta erdian, gaixotasunak ezinduta, film bi baino ez zituan zuzendu. Halandabe, zinema munduaren errekonozimendua jaso eban: Veneziako Urrezko Lehoia emon eutsien bere ibilbideagaitik, baita Cannesko Ohorezko Urrezko Palmondoa be.

Italiako hedabideen arabera, goizeon hil da Bertolucci, 77 urtegaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu