Hirokazu Kore-edaren ibilbidea sarituko dau 66. Donostia Zinemaldiko Donostia sariak

Bizkaie! 2018-07-02 07:54   Zinemea

Zuzendari japoniarra Donostia Saria jaso dauen lehen filmegile asiarra da.

Donostia Zinemaldiaren 66. edizinoko Donostia sariak Hirokazu Kore-eda zuzendari japoniarrak (Tokio, 1962) zinemearen munduari egin deutson ekarpena aintzatetsiko dau. Kore-eda Zinemaldiaren ohorezko sari garrantzitsu hori jasoten dauen lehen errealizadore asiarra da. Saria emoteko ekitaldia Victoria Eugenia antzokian izango da eta, hori osotzeko, Manbiki kazoku / Shoplifters filma proiektauko dabe; Urrezko Palmorria irabazi ebana azken Canneseko zinema-jaialdian. Donostia sariko emnaldi berezia izango da film hori; holan, hamargarren aldiz parte hartuko dau Kore-edak Donostia Zinemaldian. Aurretik, Sail Ofizialean lehiatu da Wandafuru raifu / After Life (1998), Hana yori mo naho / Hana (2006), Aruitemo auritemo / Still Walking (2008) eta Kiseki / I Wish (Milagro, 2011) –gidoi onenaren saria irabazi eban– filmakaz; Zabaltegi-Bereziak sailean, Nochi-no-hi / The Days After (2011) eta Perlak sailean Soshite chichi ni naru / Like Father, Like Son (2013), Umimachi Diary / Our Little Sister (2015), Umi yori mo mada fukatu / After Storm (2016) eta Sandome no satsujin / The Third Murder (2017) filmakaz.

Hirokazu Kore-eda 1962an jaio zan Tokion, Waseda Unibersidadean graduau zan 1987an, eta TV Man Union telebista-produkzinoko konpainian hasi eban bere ibilbidea, hainbat dokumentalen zuzendari-lanetan. 1995ean, zineman debutau eban Maboroshi no hikari / Maborosi filmagaz. Lehen lan horretan, Teru Miyamotoren nobela bat egokitu eban. Ordurako, bere estiloa argia zan eta bere lanetan behin eta barriro agertutako gaiak jorratu zituan, esaterako, familia-harremanak eta persona maiteak desagertzeak sortzen dauen hutsunea. Filmak Urrezko Osella irabazi eban Veneziako zinema-jaialdiko 52. edizinoan, eta etorkizun handiko zinemagiletzat hartu eben Kore-eda –1990ko hamarkadan, Japoniako zinemearen barrikuntza sortzaile garrantzitsua egiten eben zinemagileetako bat izan zan–. Haren bigarren filmak, Wandafuru raifu / After Life (1998), fantasiazko zinemearen eta teknika dokumentalen arteko fusino originalak, bere talentua berretsi besterik ez eban egin Donostia Zinemaldian estreinau eta gero. Canneseko zinema-jaialdian, bere lan honeen emon ditue: Distance (2001), Aum Shinrikyo sektak 1995ean egin eban atentaduari buruzko ikerketa poetikoa, Sail Ofizialean lehiatzeko aukeratu eben. Bestalde, umeen mundua arakatzen dauen bere lehen lan ederrari, Dare mo shiranai / Nobody Knows (2004) filmari esker, gizonezko aktore onenaren saria irabazi eban protagonistetako batek; Yagira Yuyak, hain zuzen be.

Kore-eda gaur egungo Japoniako bizitearen kronista handietako bat bada be, Hana yorimo naho / Hana (2006) filman, zinema historikoa eta samuraien gaia jorratu zituan, oso ikuspegi personaletik, bere mezu humanisteagaz generoaren konbentzinoak apurtzeko. Film hori Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zan, bai eta Aruitemo auritemo / Still Walking (2008) be, familia-hartu-emonen ganeko kontakizuna. Kûki ningyô / Air Doll (2009) Canneseko zinema-jaialdiko Un Certain Regard sailean estreinau zan, eta bira harrigarri bat izan zan bere ibilbidean, izan be, zientzia-fikzinozko istorioa dakar, gizakien sentimenduak ahaztu barik, zuzendariaren betiko ardureabaitira. Azken urteetan, Kore-edak familiagazko eta umeakazko interesa lehenesten jarraitu dau, gomuteari, galereari eta bizitearen esperientzia gazi-gozoari buruzko drama sentikorren bidez. Horreek guztiak nazinoarteko zinema-jaialdietan estreinau dira: Kiseki / I Wish (2011), gidoi onenaren saria irabazi ebana Donostia Zinemaldian; Soshite chichi ni naru / Like Father, Like Son (2013) eta Umimachi Diary / Our Little Sister (2015)¸ Canneseko zinema-jaialdiko Sail Ofizialean estreinautakoak; Umi yori mo mada fukatu / After the Storm (2016), Canneseko zinema-jaialdiko Un Certain Regard sailean aurkeztutakoa; eta Sandome no satsujin / The Third Murder (2017) drama judiziala, Veneziako zinema-jaialdian lehiatu zana.

Produkzino lanetan be ibili da Kore-eda, zinema japoniarraren talentu barrien lanak laguntzen: Miwa Nishikawaren Hebi ichigo / Wild Berries (2003), Yusuke Iseyaren Kakuto (Rotterdameko zinema-jaialdian aurkeztu eben), Tomoko Kanaren Beautiful Islands (2009), Mami Sunadaren Ending Note: Death Of A Japanese Salesman (2011) –Donostia Zinemaldiko Zuzendari Barriak sailerako hautatutakoa–, Kohei Imanakaren Anohi - Fukushima ha ikiteiru / That Day – Living Fukushima (2012) eta Ten Years Japan (2018) film kolektiboa.

Hirokazu Kore-eda Donostia Zinemaldiko ikusleek gehien maite dituen zinemagileetako bat izan da beti, bere sentikortasun handiko kontakizunek muga geografiko eta kulturalak gainditzen dituelako balio unibersalei buruz berba egiteko. Horrexegaitik jaso eben, bada, Soshite chichi ni naru / Like Father, Like Son eta Umimachi Diary / Our Little Sister filmek Donostia Zinemaldiko Publikoaren saria.

Kore-edari errekonozimendu hau Zinemaldiaren pausu bat gehiago da zinematografia munduan goraipatzeko moduko lanak egin dituen artista handiak saritze horretan; igaz, Agnès Vardagaz egin eben legetxe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu