Hamar pelikulak biribildu dabe Perlak sailaren programazinoa

Bizkaie! 2017-08-24 12:47   Zinemea

Donostiako Zinemaldiak jakitera emondako izenburuen artean, Aronofsky, Koreeda eta Hanekeren lan barriak dagoz.

Javier Bardem eta Jennifer Lawrence aktoreak, 'Mother!' filmeko eszena baten (argazkia: Donostiako Zinemaldia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Zinemaldiak Perlak saileko  programazinoa osotuko daben hamar pelikulen barri emon dau eta zinemagile ospetsuen izenak agiri dira bertan. Honeek lanok, aurretik atal honetarako iragarrita egon diranakaz batera, Donostia Hiria Publikoaren Saria irabazteko hautagaiak izango dira. Ikusleek emondako botoen arabera erabagiten da sari hori.

Honeek dira hamar pelikulak:

-Mother!, Darren Aronofsky. Zuzendaria ez eze, aktore ezagunak be baditu film honek, Jennifer Lawrence, Javier Bardem eta Michelle Pfeiffer besteak beste. Thriller psikologiko hau Veneziako jaialdian lehiatu zan.

-The Florida project, Sean Baker. Lan hau Canneseko zinemaldian aurkeztu eben. Sei urteko neskato batzuen oporrak erakusten ditu filmak, helduak une latzak bizi izaten dabizan artean.

-La villa, Robert Guédiguian. Familia baten egunerokoa agertzen dau pelikula honek, patera bat euren etxearen albora heltzen danean goitik behera aldatuko dan egunerokoa hain zuzen.

-Happy end, Michael Hanneke. Europako familia burges baten irudia eskaintzen dau Frantzia, Alemania eta Austriaren arteko koprodukzino honek.

-Sando-me no satsujin, Hirokazu Koreeda. Abogadu japoniar batek hiltzaile baten defensea egin behar dau, baina ikerketeak aurrera egin ahala, bere bezeroa errubakoa dala ikusten hasiko da.

-Jusqu’à la garde, Xavier Legrand. Dibortziadu barri diran gizon-emakume bi dira protagonistak, baita hareen semea be. Film hau Veneziako jaialdiko sail ofizialerako aukeratu dabe.

-Three Billboards Outside Ebbing, Missouri, Martin McDonagh. Alabea hil eutsienetik zazpi hilera, protagonisteak ez dau kasua argitzeko aurrerabiderik ikusten eta erabagi polemikoak hartzen hasiko da. Poliziari aurre egin beharko deutso.

-Borg/McEnroe, Janus Metz. Tenisaren historiako izar handi biren inguruko filma da hau: Björn Borg eta John McEnroe. Wimbledon txapelketan alkarren kontra jokatu eben partidua da ardatza.

-The Leisure Seeker, Paolo Virzì. Eguneroko zereginetatik igesean, karabana baten bidaia luzea hasiko dabe erretiradu bik. Zuzendaria italiarra da eta lehenengoz grabau dau pelikula bat Estadu Batuetan.

-You Were Never Really Here, Lynne Ramsay. Europako zuzendari onenaren saria irabazita dago Ramsay eskoziarra. Film honetan sikario bat da protagonistea eta aktore onenaren saria irabazi dau Joachim Phoenix aktoreak Cannesen.

Film horreez gan, lehendik be beste honeek egon dira Perlak sailerako aukeratuta: Teströl és lékekröl, Ilkidó Eneydirena; Nelyubov Andrey Zvyagintsevena; 120 battements par minute (120 BMP), Robin Campillorena; Wonderstruck, Todd Haynesena; The Big Sick, Michael Showalterena; Call Me By Your Name, Luca Guadagninorena; eta Loving Pablo, Fernando León de Aranoarena, azken hau lehiaketaz kanpo.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu