Aldana tabernea, Garbiren tabernea

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2018-01-23 12:44

Ez dira gitxi ni papeletan ikusita harritu diranak. Eta ez, ez da zuzena argazkiaren oinak dinoana. Ez daukat zerikusirik orain 38 urte Alonsotegin jazotakoagaz.

Orain 38 urte, 1980ko urtarrilaren 20an, Alonsotegiko Aldana tabernearen aurrean lehergailu bat imini eben. Horren ondorioz lau persona hil eta hogei inguru zauritu ziran. Tabernako jaubea jeltzale ezaguna zan eta atentadua talde ultraeskuindar batek erreibindikau eban. Ez da inoz zehatz jakin nor egoan atentatuaren atzean, nahiz eta susmoak oso argiak izan.

Herriko ikasleak, 11 eta 12 urtekoak, orduko biktimen senitartekoekaz egon ziran joan dan barikuan. Niri topaketa horren mahaingurua eroatea subertau jatan. Esperientzia gogorra eta aberasgarria aldi berean.

Gogorra da jakitea nor eta José Amedo Fouce ezaguna izan zala ikerketearen arduraduna. Eta are gogorragoa da jakitea ez dagoala jakiterik zer ikertu edo zer topau eben ikerketearen ondorioz. Gogorra da jakitea Liborio Aranaren seme-alabek hartu eta sartu zituela euren aitaren gorpuzkinak poltsatan ezelako laguntzino barik. Gogorra da terrorismoaren beste biktimei emoten jakezan laguntzak ukatu egiten jakezala. Gogorra da halango zaplaztekoa gainditzeko ez ebela izan ez laguntzino psikologikorik edota fisikorik. Herrikoen babes personala baino ez (eta ez da gitxi,…)

Zapatuan Alonsotegira bueltau nintzan. Eta bihotzez esan neutsen: Asko emon deustazue pentsetako, buruari hainbat buelta emoten nabil zuekaz egon nintzanetik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu