Visca Catalunya lliure!
2017-10-03 12:29Denpora luzean egon naz Catalunyako jazoerei buruz idatzi barik. Honek ez dau esan gura bertan pasetan dana garrantzitsua ez danik. Eta onartu behar dot liluratuta nagola Catalunyatik datorrena ikusten eta irakurten dodanean.
Hamaikatxu aldiz entzun izan neban katalanak diruzale epelak besterik ez dirala, eta seguru momentu baten ezertan geratuko zala euren ditxosozko prusés,… Ez dakit urteetan eretxi horri eutsi detsienek bardin jarraituko ete daben.
Hainbat gauza geratu dira argi domekako botazinoaren ondoren. Lehenengo, Catalunyako prozesua ez da txantxa bat, serio-serio pentsautakoa eta burututakoa baino. Eta argi daukie aurrera joateko borondatea.
Bestalde, begibistan geratu da Espainiak ez daukala nazinotasuna onartuteko ezelango borondaterik, berea kenduta, jakina. Catalunyako kontsulteari egurra emoteak babes handia emon deutso Alderdi Popularrari Espainian. Espainiako ekonomia Europak kontrolau egiten dau krisialdia hasi zanetik, baina hori ez da inportantea futbolean ondo doazen eta nazinoak azpian dagozan bitartean. Estatuan dagozan beste nazinoentzat posible da inbersinoak eta eskumenak eskuratzea (eta ondo etorriak izan daitezala), baina badagoz ikutuezinak diran gaiak. Goitik subirotasuna jatea ez jake inporta. Behetik datozen erreibindikazinoak paletokeriak besterik ez dira eurentzat.
Posiblea eta ezinbestekoa da estadu bako nazinoentzat subirotasunari bultzadea emotea indarkeria erabili barik. Mobimentu zibila, zibikoa eta paketsua izan da domekan ikusi genduana. Zibilak besoak altzauta alde batetik. Poliziak egurra emoten bestetik. Horreek irudiak mundu osoan ikusi dira. Eta seguru nago urte ta urteetan izango dirala gogoan honeek irudiok. Espainiak bere arpegirik motzena agertu dau.
Holango esperientzia bat pentsauezina izango litzateke gurean. Zoritxarrez, ez dot ikusten gurean holako mobimentu zibila antolatzeko gaitasunik. Egunotan pentsau izan dot: Halango bat gurean izan ezkero zenbat kontenedore erreko litzatekez?. ANC eta Omnium Cultural modukoak ez daukaguz hemen. Gizarte zibila ez dago mobilizauta hor dagoan moduan.
Suberterik onena Catalunyarentzat euren askatasuna eskuratzeko ahaleginean. Inbidiagaz ikusten dot euren ahalegina. Inbidiagaz eta miresmenagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!