Trump gora eta behera
2017-02-23 10:20Ikusiko dogu noraino ailegetan dan Donald Trump, baina ez dakit nik atzerrian bere kontrako mobimentuek eta berbek ez ete daben Trumpen irudia indartuko, ahuldu beharrean.
Komunikabide guztiak bat datoz Trump presidenteagaz mundua arriskutsuagoa dala autortzean Obamagaz baino. Oso gitxi dira gure artean defendiduten dabenak. Berak hartutako erabagien kontrako protestak dagoz bai AEBetan bertan zein herritik kanpo.
Argi dago bere garaipena ez zala erabatekoa izan. Botu gehiago lortu eban Hillary Clinton bere aurkariak, baina ordezkapen sistemearen kapritxoen ondorioz, botu gitxien atara ebana irabazlea izan da... Horreri buruz zeozer badakigu gure artean.
Egia da, bestalde, esperientzia bako persona bat munduko gailur politikoan ikustea deigarria dala. Bere jokabidea, hemendik ikusita, autoritarioa da. Ez dau ulertzen ezein poterek kontrapotere bat behar dauela eta hauteskundeak irabazteak ez deutso eskubiderik emoten prozeduren edo legeen ganetik pasetako. Poterea ezin da mugabakoa izan demokrazia batean.
Mundu osoko analista eta eretxiemoleak bueltaka dabilz ia zelan lortu dauen Donald Trump moduko personaia batek horreenbeste botu. Ez dogu ahaztu behar zenbat gauza berezi egiten diran protesta agertzeko orduan. Ahaztuten jaku Jose Maria Ruiz Mateos eurodiputatua izan zala, Cicciolina diputatua Italiako parlamentuan eta hainbat ahobero dabilzala Europa osoan tripakaz berba egiten buruagaz pentsetan egon barik. Ahaztuten jaku azken urteotako krisialdi ekonomikoak galtzaile asko ekarri dituala...
Ikusiko dogu noraino ailegetan dan Donald Trump, baina ez dakit nik atzerrian bere kontrako mobimentuek eta berbek ez ete daben Trumpen irudia indartuko, ahuldu beharrean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!