Baina nor da Felipe?
2014-06-11 19:07Gustau ala ez Felipe Borboikoa izango da Espainiako hurrengo erregea. Eta egun gitxi barru izango da hori. Ez da ikusten Monarkia kenduteko eta bere ordez Errepublikea ezartzeko pasino berezirik. Indar politiko nagusiak sendo dagoz Monarkiaren alde. Sozialistek gura dabena esango dabe baina zenbaiten plantak itxurak baino ez dira.
Lotuta eta ondo lotuta laga ei eban Franco jeneralak Monarkiarena. Urteetan ezkutau egin dira Juan Carlosen gorabehera ekonomikoak, sentimentalak, politikan sudurra sartuteko ohiturea… Ez daigun ahaztu Borboneatu berbeak horixe bera esan gura dauela. Eta Juan Carlosek uste baino gehiago borboneatu egin ei dau.
Juan Carlosen abdikazino legean euskal alderdi abertzaleek ez deutse aurre egin Monarkiari. EAJ abstenidu egin da eta EH-Bildu ez da botazinoan egon. Ez da harritzekoa eta ulertzeko erraza da.
Tonu guztietan esan dabe euskal abertzaleek Madrilen izango dan estaduburua ez dala izango eurena. Eta halaxe da. Abertzale batek ezin dau onartu Espainiako erregea bere erregetzat. Ganera, deigarria da zenbaitek gurean Errepublikearen alde egiten daben aldarrikapena. Frantzia be Errepublikea da eta euskaldunon kulturea eta burujabetza Espainiak baino gitxiago errespetetan dau. Ganera, pentsetan hasita nortzuk izan leitekezan Espainiako presidenteak: Aznar? Bono? Gonzalez? A zelako bildurra,
Argi dago Feliperi, Juan Carloseri lez, legitimidadea faltako jakola. Konstituzinoa onartu zanean ha bere osotasunean onartu egin behar zan. Ez zan modurik egon Monarkia eta Errepublikearen artean aukeratzeko. Monarkia Francok berak ezarri eban. Ha debatea ez da inoz serio planteau Estadu espainiarrean. Hori bai, serio planteau egin da urte luzetan erregea akats bako personaia dala. Juan Carlosen ganean ezarri zan irudia hamaika zatitan dago puskatuta gaur egun, baina inok badaki Felipe benetan zelakoa dan?
Ez dakit 30 urte edo itxoin behar ez ete dogun Feliperen bestaldea ezagutzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!