Hauteskunde kanpainan gagoz, benetan...
2014-05-19 19:06Guzurra emoten badau be, hauteskunde kanpainan gagoz. Zain ta zain nago ia jazoera interesgarriren bat ikusten/entzuten dan eta itxura guztien arabera halaxe jarraituko dot domekararte.
Kanpainiako jazoerarik interesgarriena Arias Cañetek esandakoa baldin bada jai daukagu. Itsuak be ikusten dau Elena Valenciano sozialistea ez dala, hain zuzen, Demostenes hizlari klasikoaren parekoa. Haren ondoan Arias Cañetek be goi mailakoa emoten dau.
Gorrituteko modukoa sozialistek eroan daben kanpainea. Mezu aurrerakoia eta ezkertiarra zabalduten, amnesia nagusi. Zapateroren eskutik etorri ziran lehenengo errekorteak eta orain aste gitxi Frantzian Valls eta Hollanderen eskutik Europan egin dan azken errekorte saioa. Danak aurrerakoiak eta ezkertiarrak...
Europari buruz ezer gitxi esaten da kanpainan zehar. Asko dira bertoko kontuak Bruselara eroan gure dabezanak eta oso konfundiduta dagoz. Zelako Europa gura dogun serio-serio pentsau behar da. Pentsau daigun munduko potentzien aurrean gero eta atzerago dagoala Europa eta atzerapen horren ondorioak danok pagauko doguz.
Euskaldunon ikuspuntutik deigarriak izan leitekez Britaina Handiko emoitzak. Deigarria izango litzateke Europar Batasunetik alde egin gura dauen UKIP alderdiak Ingalaterran irabazten badau eta Eskozian europarzale independentisteak. Eta biharamonean jarraituko dabe gurean esaten nazino bako abertzaleak dirala Europa apurtu gura dabenak.
Ikusteko modukoa izango da Frantzian, Ingalaterran, Hungrian, Finlandian, Europako Batasuna gorrotatzen dabenek hauteskundeak irabazten baditue. Gehienak ultraeskuindarrak. Panorama ederra, alajaina!!
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!