Zapatuko manifestazinoaren haritik
2014-01-13 02:26Pentsetan doten modura esango dot: ez nintzan gustura egon zapatuko manifestazinoan. Uste izan neban eta gaur be uste dot ez eukala ez hankarik ez bururik lehenengo deialdiaren debekuak. Madrileko botereen itsukeriak zeozelango erantzun politikoa merezidu eban.
Baina onartu behar dot ez zala girorik izan manifestazino bateratu bat egiteko. Hasikera hasikeratik lehenengo konbokatzaileen manifestazinoa zirudien horrek. Kartelak, oihuak, esloganak, jentea presoen aldeko karteltxuak salduten, beste batzuk dirua eskatuten zaku gorrietan... Lehenengo manifestazinoan parte hartuten nebala pentsetan neban. Lagun bateri esan neutsan gaur nirea ez zan etxe batera bisitan joan izan nintzala sentiduten nebala. Beste batek esan eustan ahalegindu ahalegindu zirala batzuk(baten bat oso ezaguna kale mailan) ordena mantenduten, baina zenbait parte-hartzaileen erantzuna oso zakarra izan zala. Eta kasurik ez. Ez naz sakon sartungo manifestazinoan zehar oihukatu ziran leloetan. Amnistia eskatutea ETAko presoak banan banan atarako dirala, eta horreetako askok gartzelan urteak emongo dabezala eroak be dakienean lojikabakoa da.
Baina, jakina, 35 urte baino gehiago lelo berak errepetiduten pasau izan dabez eta ez da erraza giro barrirako lelo barriak asmatutea. Are gitxiago gerrea galdu eta gero. Sarritan esan izan dot eta komentzimendu sendoagaz ganera, inoz herri honek handira jokatzen badau alkarlanean topauko gareala sensibilidade desbardinetako abertzaleak. Baina, zoritxarrez, hori gertatu daiten ezinbestekoa iruditzen jat alkarlanean ibilteko borondatea. Eta nekez agertuten da borondatea emondako berbeari eutsi ezin jakonean edota norbere etxea eta danona bereiztuten jakiten ez danean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!