Zertako?

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2013-12-11 19:56   Musikea

Parot dotrina izenekoa bertan behera geratu zanetik ikusi izan doguz kalerako bidean orain urte piloa ezagunak egin ziran ETA erakundearen partaideak.

Garai haretan, telebisinoan eta karteletan agertzen ziran, komandoak osotuten ebezan, sarraski odoltsuak egin ebezan, hainbat biderrez alde egiten eben eta azkenean atxilotuak eta gartzelaratuak izan ziran.

Daborduko kalean dagoz 25 urtetik gorako gartzelaldia pasau eta gero. Ez dot pentsetan zigor arina danik ezarri jakena. Gartzelatan behar egiten daben adituek argi eta garbi dinoe egonaldi luze horrek psikologikoki jota lagako dituala preso izandakoak. Egia da, be bai, gatxa dala horrenbesteko animalikeri eragindako pertsona baten ganean giza eskubideen klabean pentsetea. Baina, sarri esan dotan modura, guk giza eskubideen klabean pentsauko ez bageunke, ze desbardintasun egongo litzake gu eta euren artean?

Egia da Espainiako indarkeriaren kontrako burrukeak, alderdi konstituzionalisten agindupean, mendekua izan dauela helburu, justizia edota bergizarteratzea izan barik, baina, zorionez, bidebakokeri horreri Europatik etorri jako osoko emendakina.

Kalera doaz ia bizitza erdia gartzelan emon eta gero. Kalean topauko daben gizartea ez da ezagutu ebenaren modukoa. Aldaketa piloa emon dira. Internet, sakeleko telefonoak, lan baldintzak, mentalitateak,… eraldaketa haundia izan dau euskal gizarteak urte honeetan. Eta ez dot pentsetan gartzelatik horreek aldaketok bere osotasunean barruratzeko aukerearik izan dabenik.

Baina aldaketarik haundiena euren baitan egongo da. Ia 30 urte zaharrago, euren helburu politikoak lortu barik, seguru nago batek baino gehiagok bere buruari autortu egingo deutsola: Hainbet urte zuloan ezebez lortzeko. Orain gitxi kalean irakurri neban pintada batek oso modu adierazgarrian esaten eban: Ez dezatela esan burrukeak ez dauela ezertako balio. Jente askok dauka argi ezarritako oinaze eta sufrimenduaz ganera ez dauela bestelako ondoriorik ekarri burruka horrek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu