In memoriam: Fleya de Ugalde

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2013-03-04 18:23   Musikea

Fleya joan jaku  dinon mezua ez dot ondino sakeleko telefonotik borrau. Bere helbidea mailetik be ez dot ezabatu. Ez dot gura. Ezin dot. Ez neban uste lankide baten hilketeak nire barruan horrenbesteko kolpea emongo eustanik. Baina, jakina, Fleya ez zan edozein lankide. Txoria bera bezain beteranoa zan Fleya. Betidaniko lankidea gure departamentuan. Baina ez daigun pentsau ETBn baino ez zala ibili. Hori baino arinago Euzkadi aldizkarian ibili izan zan lanean. Eta lehenago Fleya de Ugalde izeneko txostena osotu eban

Txostenean Francoren diktadurearen bortizkeria bizi izandako hainbaten testigantzak jaso ebazan. Horreetako asko larri egoazan eta baten bat joan egin jatan berba egin baino arinago. Orduko gauza asko galdu doguz” kontau eustan behin batean. Hamaikatxu anekdota, bizipen eta pasadizo izan ebazan. Zer ez ete dogu pasau alkarregaz eta zer ez ete dau berak bizi? Jazotakoa umore handiz kontetan baekian. Unibertsitate garaikoak, gazte garaikoak. Orain egun gitxi bere etxean bisitan kontau euskun zelan bizi eban Tejerazoa Gasteizen. Bilbon danak egozan arduratuta Lehendakaria desagertuta egoalako eta umetxu hori, Fleya bera, hain zuzen, Gasteizeko egoitza jeltzalean bakarrik geratu zalako gau haretan. Ikusteko modukoa izan behar zan Fleya bere ahots lodiagaz txapeloker bibotedun bat bere lekuan iminiten!! Eskola zaharrekoa zan, hau da, kontau barik, egin behar zala uste eban horreetakoa. Ezin eban herria ulertu giza eskubide barik. Ezin euskaltzaletasuna ulertu kultura oro har ulertu barik. Sortaldeko kulturak maite ebazan. Euskerea maite eban. Kulturea maite eban. Eta gauza guztien ganetik txokolate baltza maite eban. Nortasun handikoa. Gogorra eztabaidetan eta gogorra berak sinisten ebanaren defentsan. Beragaz serio berba egitea lujo hutsa zan, argudio sinpleak ez ziralako bere gustoko. Beragaz debate batean bardinketa egiteak garaipenaren zaporea eukan. Orkestra andrea, hamaikatxu saltsatan egoan sartuta, moeta guztietako jenteagaz ebilen, gauza piloa interesetan jakon.

Baina berak eta biok badakigu bestaldera joan izan zala kirolari inongo interesik ikusi barik. Persona osoa agur esateko orduan. Hasikeratik egiten eban berba bere gatxari buruz, naturaltasunez eta elegantziaz. Umore baltza be agertu eban bere egoerea espliketako: Minbiziak 1  Fleyak 0.  Bere egoereak atzerabueltarik ez eukanean naturaltasunez jakinerazo euskun, gu baino tenplauago. Bisitan agur esatera joan gintzazanean irrifartsu, berbati eta umoretsu egoan, betiko moduan. Hamar minutuko bisitea ordubete baino gehiagokoa izan zan. Eta halaxe joan jakun, irrifartsu eta gizatasun ikasgai handia emonaz. Agur eta ohore!!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu